euskaraz.net
Berri on: albiste laburrak

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Auzoka eskola aldizkaria »  Auzoka 74 2005/05 »  Berri on: albiste laburrak

Berri on

* * *

Usain osasuntsua!



Jirafa ar zaharrek usain txarra omen dute, eta hori gutxi balitz, oso urrutitik usaindu omen daitezke. Hala ere, zorte ona dute: eltxoek ez dituztelako ziztatzen. Usain horrek gaitzengandik ere babesten ditu, izan ere, hain usain txarra izanda, bakteriak ez dira jirafengana hurbildu ere egiten. Biologoek ez dakite nondik datorren usain txar hori.


Suzko Bolak Mediterraneoko Zeruan

Meteorito bat, mikroasteroide bat, ala... irudipen hutsa? Zientifikoek oraindik ez dakite zer demontre izan zen, baina, hala ere, gertakizuna benetakoa izan zela dirudi. Duela gutxi, goizeko zazpiak aldera, suzko bola berde batzuk ikusi zituzten zerua gurutzatzen Bartzelona, Valentzia eta Castelló inguruan. Pertsona askok udaltzaingora eta irratira deitu zuten, ikusitakoak kontatzeko. Zer ote ziren suzko bola horiek?


POTOLOENTZAKO BIGARREN eserlekua

Hegazkinean erosoago bidaiatzeko, pertsona potoloek merkeago erosi ahal izango dute bigarren eserlekua. Horrelako kasuetan, pertsona hauei %35eko beherapena egingo zaie eserlekuen prezioan, edo hori da behintzat hegazkin konpainiek adierazitakoa. Frantziako pertsona gizenen elkartean oso ondo hartu dute ideia.


Kaka egiterakoan, punteria ona

Portugaleko Pazos de Ferreiro herriak txapelketa xelebrea antolatu du. Txapelketa horretan, behien punteria neurtuko dute... kaka egiterakoan, baina. Lurrean diana bat kokatuko dute, eta behiek bertan egin beharko dute kaka. Erdi-erdian jotzen duen behiaren jabeari 1.000 euro eta zezen bat emango dizkiote. Azkeneko saria -zezenaz ari gara, noski- behiaren gustukoa izango ahal da!


Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza* / Testu Normala** / Testu Zailagoa*** / Testu Zailena****