euskaraz.net
Filmak

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Auzoka eskola aldizkaria »  Auzoka 74 2005/05 »  Filmak

Ikusitakoak

oso ona ona balekoa txarra



Constantine



Zuzendaria: Francis Laurence. Aktoreak: Djimon Hounson, Keanu Reeves, AEB. 120 minutu. Mota: Intrigazkoa
John Constantin izeneko pertsonaiak (Keanu Reeves aktorea) gure artean ezkutatzen diren aingeruak eta deabruak ikusten ditu. Baina gaitasun horrek min handia ematen dio, eta horrexegatik, bere buruaz beste egitea erabakiko du. John Constantin infernura joango da, eta ondoren, lurrera itzuliko da, ikertzaile lanak egitera. Lurrera heldu ondoren, Angela (Rachel Weisz) detektibeari laguntza emango dio, igarleen hiltzaile bat harrapatzen. Film honek antz handia du Guillermo del Toro zuzendariaren “Hellboy” pelikularekin, ongia eta gaizkiaren arteko borroka ageri baita bertan. Entretenigarria da, eta horrez gain, beti da gozagarria Keanu Reeves aktorea zinean ikustea.


The Ring 2



Zuzendaria: Hideo Nakata. Aktoreak: Simon Baker, David Dorfman, Sissi Spacek. AEB, 111 minutu. Mota: Beldurrezkoa
Botere psikikoak zituen gaztea, Samara, putzu batean ito zen. Hala ere, mendekua hartzen jarraitzen du, eta horretarako, bideo zinta bat erabiliko du. Rachel izeneko pertsonaiak (Naomi Watts aktorea) amesgaiztoa bukatuta zegoela uste zuen, baina orain bere semea babestu behar du, bestela, astebete igaro ondoren, semea hil egingo da eta. Benetan beldurrezko pelikula da. Pasarte batzuetan ikara airean sentitu daiteke. Hala ere, garbi dago ez dela lehenengo filma, eta gauza batzuk ezagun samarrak egiten dira. Beldurrezko zinema gustatzen bazaizu, eta hotzikarak sentitzea atsegin baduzu, hau da zure pelikula.


Hitch: Especialista en ligues



Zuzendaria: Andy Tennant. Aktoreak: Eva Mendes, Amber Valleta, Kevin James, Will Smith… AEB, 115 minutu Mota: Komedia erromantikoa
Hitch (Will Smith aktorea) New Yorken bizi da, eta gizonezkoei laguntza eman ohi die maitasuna eta neskalaguna aurkitzeko. Baina, horretan ari dela, Hitch berak maitasuna aurkituko du. Hain zuzen, Sara kazetariak zulatuko du Hitch-en bihotza, baina Sarak Hitch-en harrokeria agerian utzi nahiko du.
Oso pelikula entretenigarria da, barre algarak ziurtaturik daude film luze honekin. Bestalde, modan dagoen gai bat agertzen da pelikulan, ospetsuen atzetik ibiltzen diren kazetariena, alegia. Will Smith oso ondo dago bere paperean, komediazko aktore lanetan gehiago gustatzen baitzaigu. Arrakasta izango duen beste aktorea Kevin James da.


Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza* / Testu Normala** / Testu Zailagoa*** / Testu Zailena****