euskaraz.net
Musika

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Auzoka eskola aldizkaria »  Auzoka 74 2005/05 »  Musika

Entzundakoak

oso ona ona balekoa txarra



“Ekiozu” Sei urte

Sei urte taldearen lehen lana, “Ekiozu”, aipatu nahi dut. Eta horren arrazoia esan nahi dizuet. Hasteko, hemen bertakoak ditugulako, bizkaitarrak. Eta oso disko ona atera dutelako. Euskal Herrira musika berritzailea ekarri dutela esango genuke. Pop musika da lagun talde honek jorratzen duena. Rock ukituko abestiak ere badira, “Sei urte bidean”, “Urruntzen” eta “Banpiroak” bezalakoak, esaterako. Letren aldetik, oro har euskara da nagusi, baina zenbait pasartetan badira ingelesezko doinuak ere, “Man on the moon” abestian, adibidez.
Hitzak edozein gazteri gustatzeko modukoak dira, gertuko gaiak lantzen dituztelako. Euskal musikan aspaldi agertu den talde interesgarrienetakoa da!

“Kerobia” Kerobia

Nafarroako koadrila bat da Kerobia; hala ere, horrek ez du esan nahi musikan hasiberriak direnik, gazteak izan arren, denbora baitaramate mundu honetan. 10 abestiz osatutako diskoa da honakoa, eta denetariko erritmoak aurki ditzakegu bertan: azkarrak, ez hain azkarrak, lasaiak... Bestalde, abeslariarena oso ahots melodikoa da, eta abestiak lehen entzunaldian oso ondo sartzen dira. Horren adierazgarri dugu, esaterako, "Zenbait gela betetzeko, zorionaz zuretzako" abestia. Bestalde, disko honetan musikari ezagunek parte hartu dute: Gorka Berri Txarrak eta Gorka Leihotikan-ek, adibidez. Gainera, biolina, biola eta txeloa ere sartu dituzte, eta musika tresna hauen doinuak oso goxo sartzen dira.

Aitor Aramendia

Joseba Zulaika



“Izan zaitez zu” Kauta

Andoaingo laukoteak urte hasieran kaleratu zuen “Izan zaitez zu” izeneko diskoa. Kautak arrakasta izugarria lortu du, bere garaian, Egunkaria itxi zutenean, haien aldeko abestia atera zuelako, eta kantu hura Euskal Herri osoan zabaldu zelako. Musika erakargarria da disko honetakoa. Gitarra eta erritmo bizien gainean, Xabi abeslariaren ahots melodikoa nabarmentzen da. Diskoak 10 abesti biltzen ditu, soinu ederraz. Normala da abesti guztietatik bat lasaia izatea, eta kasu honetan, "Zoriontsu izan" izenekoa da. Hitzak konprometituak dira, gai sozialak eta politikoak lantzen direlako, baina ez betiko moduan. Inork zuzenean ikusi nahi baditu, aukera izango du laster, talde honek leku askotan ematen baititu kontzertuak.

“Rock’n’roll” Aterkings

Markina aldeko taldea da Aterkings, eta egia esan, oso denbora gutxian oihartzun handia lortu dute Euskal Herrian. Nire ustez, ez da harritzekoa arrakasta hori, Gaztelupeko Hotsak diskoetxearekin kaleratutako lehen disko hau izugarria baita. Bizkaitar hauek ez dute ezer berririk asmatu, baina hala ere, txinpartak ateratzen dizkiote betiko rock’n’rollari. Gitarra indartsuak, arnasa hartzen uzten ez digun bateria, eztarria urratzen duen kantari indartsua, umore fina abestietan... horiexek dira taldearen osagaiak, eta koktelaren habe nagusiak. Nik, zure lekuan banengo, erosi egingo nuke diskoa.

Nekane Bergara

Gartxot Urruti



Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza* / Testu Normala** / Testu Zailagoa*** / Testu Zailena****