euskaraz.net
Martuteneko mediateka

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Auzoka eskola aldizkaria »  Auzoka 75 2005/06 »  Martuteneko mediateka



Donostia auzoka

* *

Mediateka Martutenen

Imanol Arruabarrena, Arantzazuko Ama ikastolaren sortzaileetako bat da. Berak azaldu digu nola gauzatu den Martutenen mediateka bat irekitzeko asmoa.


Imanol, egin iezaguzu Arantzazuko Ama Ikastolaren historiaren laburpentxoa.

Arantzazuko Ama ikastola, 1976an sortu zen. Loiolan, Ergobian, Astigarragan eta Martutenen zeuden gelak. Geroztik, handitzen joan zen neurrian, beste eraikuntzetara zabaldu ziren gelak, eta horietako bat Martuteneko “Villa Maria Pilar” izan zen. Gaur egun, 2-16 urte bitarteko ikastetxea daukagu Martutenen.

Norena zen “Villa Maria Pilar”?

Victor Amundarainena zen. Euskal Herritik Mexikora joan zen lanera, eta han egindako diruarekin eraiki zuen etxe hau.

Zergatik eman zion etxea ikastolari?

Lehen aipatu dudan moduan, ikastola apurka-apurka handitzen joan zen, eta hasieran alokatu egin zigun eraikina. Hil ondoren, euskal kultura eta euskara asko maite zituenez, eta haurrak ikasketak euskaraz egitea nahi zuenez, bere ondare hau ikastolari utzi zion.

Etxea hainbat urtetan erabili izan dugu, baina hau ere txiki geratu zen, eta oraingo eraikuntzara etorri behar izan genuen. Geroztik, “Villa Maria Pilar” itxita egon da.

Orain “Villa Maria Pilar” saldu egin duzue, zertarako erabiliko da
salmentarekin lortutako diru hori?

Mediateka bat zabalduko da Arantzazuko Ama Ikastolaren eraikinean, ikastolari eta auzoari begira.

Nola eta nortzuk hartu duzue erabaki hau?

Guraso ohiek, irakasleek eta gaur egungo ikastolako gurasoek hainbat bilera egin genituen, eta ondoren, mediateka zabaltzeko asmoa helarazi genion Donostiako udaletxeari. Proiektuak Udalaren onespena jaso du.

Prozesu neketsua izan ahal da?

Nekagarria baino gehiago, kezkagarria izan da. Victor Amundarainen nahia errespetatu behar zen, eta horrek buruhauste handiak eman dizkigu. Gainera, esku artean eduki dugun diru kopurua handia izan da.

Victor Amundarain bizirik balego, zer pentsatuko luke hartu duzuen erabakiaz?

Nire ustez, hartu dugun erabakia egokia irudituko litzaioke.

Zer ekarriko dio mediatekak auzoari?

Hitz gutxitan esateko, aberastasun handia. Martutene auzoak kultur gune bat gehiago izango du.


Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza* / Testu Normala** / Testu Zailagoa*** / Testu Zailena****