Ikasleen arteko harremanak sendotzeko, eta bide batez, ariketa fisikoa egin eta kirol berriak ezagutzeko, ideia hau bururatu zitzaigun duela urte batzuk. Martxan jarri genuen, eta denon gustukoa izan zenez, ikasturtez ikasturte errepikatu egin dugu.
“Kirolez Blai” eguna iritsi baino astebete lehenago, eskolako ikasle guztiak lau taldetan banatu ginen: gorriak, zuriak, urdinak eta berdeak. Apirilaren 29an, bakoitzari tokatu zitzaigun kamisetarekin, eskolara garaiz etorri eta autobusetan sartu ginen, Anoetara joateko.
Gorputza zertxobait berotu ondoren, sokatira, hondar gaineko jauziak, eta errelebo lasterketak egin genituen. Batzuk Fernando Alonsoren autoa baino azkarrago mugitzen ziren. Gure ondotik pasatzen zirenean, ia ez genituen ikusi ere egiten! Beste batzuk, berriz, ez ziren hain azkarrak, baina tira!
|
Lan gogorra egin eta gero, hamaiketakoaren ordua iritsi zitzaigun. Sabela erdi beteta, berriro kirola egitera. Oraingoan lapiko eta oskol lasterketak. Zer dibertigarria! Bat-batean irakasle batek txistu jo zuen, eta belodromo osoan entzun genuen: “bazkaltzera!”. Ondoko parke batean, leher eginda eseri ginen. Ea zer prestatu didan amak bazkaltzeko: bokata pare bat eta batidoa.
Arratsaldeko ordu bi eta erdietan berriro hastera, lagunok. Hartutako atsedenak indarra eman zigun. Orain futbolaren txanda heldu zen. Denok denon kontra, ea nork sartzen duen gol gehien! Lasterketa luzeek eta eskubaloiak egunari amaiera eman zioten. Neka-neka eginda, baina pozik, berriro autobusetan sartu ginen. Azkenean berdeek irabazi zuten, baina hori gutxiengoa da: “Garrantzitsuena parte hartzea da!”.
|