euskaraz.net
Mundua emetzen

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Auzoka eskola aldizkaria »  Auzoka 75 2005/06 »  Mundua emetzen

Ekologia

* * * *

Mundua emetzen



Gizonak emetzen, eta emakumeak, are eta emakumeago bihurtzen. Ingurumenean dauden konposatu batzuen eraginez gertatzen da hori. Osagai horiek hormonek bezala jokatzen dute, eta ugalketa aparatuan eragiten dute, besteak beste.

Duela 30 bat urte, kepone izeneko konposatu bat isuri zuten AEBetako Virginiako ibai batean. Substantzia hura pestizida bat egiteko erabiltzen zen, eta estrogenoak bezala jokatzen zuen. Substantzia harekin harremanetan egondako gizonezkoek, esperma gutxiago izan ohi zutela frogatu zen.

Ordurako, animalien artean ere antzeko ondorioak antzemanda zeuden. 1970eko hamarkadan, zenbait ibaietan arrain eme gehiago zegoela konturatu ziren. Uretara botatako hondakinetan aurkitu zuten aldaketa horren arrazoia. Oso kasu deigarriak izan dira: arrautzak jartzen dituzten perka arrak, normala baino oskol bigunagoko dortokak...
Gertakari hauek Ebro ibaian ere ikus daitezke. Perka arraren kasua Europako ibai askotan ikusi da. Orlandoko Apopka lakuko kaiman arren penisa, ohikoa baino %25 txikiagoa da. Horrekin batera, odoleko testosterona-maila ere baxuagoa da.

Aintzira horren ondoko beste laku batean ere ikerketak egin dira. 1980an isuri larri bat gertatu zen. Kutsadurak DDTaren eragina izan zuen: hamar kaimanetatik, batek bakarrik lortu zuen bizirik irautea. Frogatu da DDTaren eragina belaunaldiz belaunaldi igarotzen dela.

Gizakiak, naturan berez ez dauden 100.000 konposatu inguru ekoizten ditu, eta era batera edo bestera, naturara heltzen dira, batez ere uretara.

Gainera, hormona sintetikoak ere hor daude: ibaietara heltzen dira, eta faunaren sistema endokrinoan eragiten dute. Konposatu horiek bizidun batetik bestera igarotzen dira, kate trofikoan zehar.


Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza* / Testu Normala** / Testu Zailagoa*** / Testu Zailena****