|
*
*
*
Gure mandamentuak
|
As soon as posible
|
|
Lazkaoko Brigada Criminal taldeak lehen disko luzea kaleratu du Gor diskoetxearen eskutik. Hamabi kanta dira, guztiak ere punk estilokoak, eta gitarra indartsu eta bateria erritmo sendoen gainean eraikiak. Nire ustez, Brigadakoak abilak dira melodia itsaskorrak sortzen, eta taldearen hitzen bitartez, bizi garen gizartearen faltsukeria salatzen dute. Bestalde, oso nabarmena da taldeak esperientzia handia duela, eta musika munduan ez zirela atzo goizean hasi. Taldea 2000 urtean sortu zen, eta ordutik hona, lan itzela egin dute: maketa bat plazaratu zuten, gero single bat, eta iaz, disko bat atera zuten Stupenda Jones talde nafarrarekin batera. Bai, lagunok: hauek dira gure mandamenduak.
|
Askoren ustez, Euskal Herrian betiko musika estiloak entzuteko ohitura dago: heavya, punka, popa... beste hainbat estilo, aldiz, nahiko ahaztuta daude. Hain zuzen, jazz musika entzuten hasi nahi duenarentzako, disko egokia da Asstrio hirukote katalanaren “As soon as posible” hau. Arecio G. Smith-en hammond organua eta sintetizadorea, Santi Serratosaren bateria, eta Santi Caretaren gitarra akorde eta soloak. Osagai horiek denak primeran nahasten dira elkarrekin, Gaztelupeko Hotsak diskoetxearen Errabal azpizigiluak kaleratutako disko honetan. Hori gutxi balitz, Duke Ellington handiaren (“Caravan”) eta C. Carson Parks-en (“Somethin´ stupid”) abestien bertsioak egiten ausartzen dira. Oso disko gomendagarria.
|
|
|
|
|
Ilargi handi zuri zarae
|
En directo
|
Irungo Metak diskoetxeak eta Oñatiko Potxo argitalzuloak elkarlanean plazaratutako proiektu hau benetan azpimarragarria da; izan ere, literatura eta musika, biak ezinhobe uztartzen ditu. Azpimarratzeko moduko osagai asko ditu Zura izeneko koktel honek. Batetik, Esteban Urkiaga “Lauaxeta” eta Garcia Lorca poeten olerkiak daude, eta bestetik, Nicolas Lekuonaren irudi harrigarriak aipatu behar. Espainiako Gerra Zibilak erditik moztu zuen hiru artista horien bizitza. “Lauaxeta”ren kasuan, abuztuaren 3an ehun urte beteko dira Bizkaiko Laukiz herrian jaio zenetik. Olerkiak musikatzen, eskarmentu handiko musikariak aritu dira: Xabi Strubell gitarrajotzailea (DUT taldean aritua) eta Martxel Mariskal (Beti Mugan).
Emaitza txapela kentzekoa da, benetan.
|
Gero eta gehiago dira dvd-ak kaleratzen dituzten musika taldeak. Izan ere, gaur egun CD gutxi saltzen dira dendetan, eta diskoetxeek zerbait asmatu behar dute salmentei eusteko. Horregatik, ez da harritzekoa kamera batzuk hartu, eta zuzeneko kontzertu bat grabatuta, hamaika irudi eskaintzen dituzten dvd-ak ugaritzea. “En directo” honek Kaotiko talde arabarraren zuzeneko bat dakar. Egia esan, taldea ezagutzen duenak ez du aparteko berrikuntzarik topatuko, baina hor daude taldeak zuzenekoetan erakusten duen indarra, jarrera, amorrua eta umorea. Etxean lasai-lasai dastatzeko gutizia da. Merezi du.
|
|
Gartxot Urruti
|
Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza* / Testu Normala** / Testu Zailagoa*** / Testu Zailena****
|