euskaraz.net
Musika

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Auzoka eskola aldizkaria »  Auzoka 76 2005/11 »  Musika

Entzundakoak * * *

oso ona ona balekoa txarra



Zea Mays





"Sortuz,

grabitatearen aurka"

Surfin Kaos





“Bizzionbizzi”

Askoren ustez, Zea Mays da gaur egun Euskal Herrian dagoen talde interesgarrienetako bat. Aiora Renteria kantariak gidatutako talde honek ibilbide luzea egin du, eta bosgarren disko honekin, musikarien eta kritikarien nolabaiteko onespena lortu du. Disko honetako abesti guztiak txukunak dira, baina ezer nabarmentzekotan, Aiora kantariaren eta Ińaki Imaz “Piti” gitarra-jotzailearen akordeak dira benetan aipagarri. Horiei baxu-jotzailearen eta bateria-jotzailearen lana gehitu behar zaizkie, eta dena elkartuta, eginda dago pieza ederren bizkarrezurra. Hala ere, batzuetan kantaria dramatikoegi aritzen da, eta horrek pisutsu egiten ditu zenbait pasarte. Garai onak dira punka eta rockarentzat. Estilo zahar hauek osasuntsu jarraitzen dute, eta talde bikain asko ateratzen ari dira. Surfin Kaos da aurtengo denboraldiko ezusteko handienetako bat, eta ez da harritzekoa, egia esan. Izan ere, estiloa eta rocka nahasten direnean, emaitza halakoxea izaten da gehientsuenetan: bizia, ona, kalitatezkoa. Izan ere, rocka ez baita entzuten dena soilik, bizitzeko modu bat ere bada, jarrera bat, ikuspuntu bat. “Bizzionbizzi” hau esandakoaren adibidea da. Rocka barra-barra. Abesti onak, baina era berean, kalitatezko hitzak (Xabier Silbeira, Fredi Paya...). Galder Izagirrek egindako argazki harrigarriez josia da dator diskoa, oso begirada umoretsu eta ironikoaz. Soinuaren maila ere oso nabarmentzekoa da.

Berri Txarrak





“jaio.musika.hil ”

Lisabö





“Izkiriaturik aurkitu

ditudan gurak”

Egia esan, musikazale guztiok zain geunden, noiz demontre kaleratuko zuen Lekunberriko Berri Txarrak taldeak bosgarren diskoa. Hemen da nafarren lan berria, “Jaio.musika.hil” izenekoa, eta aldaketa ugari izan direla begi-bistakoa da. Garai batean lau lagun ari ziren taldean, eta gaur egun, hirukotea dira. Horrek esan nahi du, aurrerantzean, Gorka Urbizu izango dela taldeko gitarra-jotzaile bakarra. Aldaketak aldaketa, hauxe da Berri Txarrak-ekoen diskorik onena, denetarik baitu aukeran: erritmo lasai eta itsaskorrak, ahots melodia paregabeak, konponketa finak eta hitz bikainak. Ekoizpena ere bikaina da; besteak beste, Ed Rose amerikarra arduratu baita horretaz -Nirvana taldearekin aritutakoa da Ed Rose-. Zorionak Berri Txarrak! Aspaldi atera zuen Irungo Lisabö taldeak bere lehen diskoa, eta askok taldea bananduta zegoela uste genuenean, hona hemen ezusteko atsegina: “Izkiriaturik aurkitu ditudan gurak”. Aurreko diskoan bezala, Lisaböko lagunek gogor kolpatzen dituzte gure belarriak, eta are gogorrago gure kontzientziak. Halako proposamen bortitza egiteko, kolaboratzaile askoren laguntza izan dute Lisabökoek: Anari, Akauzazte, Experience, Selam, Xabier Erkizia, Manta Ray... Ez dugu egia ezkutatuko: disko hau ez zaizue lehen entzunaldian sartuko, ezta gutxiagorik ere. Seguru asko, lauzpabost aldiz entzun beharko duzue gustatzen hasteko. Froga egin eta ikusiko duzue.

Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza* / Testu Normala** / Testu Zailagoa*** / Testu Zailena****