euskaraz.net
Inkesta: kalean edatea

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Auzoka eskola aldizkaria »  Auzoka 77 2005/12 »  Inkesta: kalean edatea

Iritzi-miritziak * *

Gustukoa al duzu kalean edatea
Gazteok ondo pasatzen saiatzen gara beti. Horretarako, gizartearen ezaugarrien arabera, era batzuk edo beste batzuk erabili izan dira. Gaur egun, giza fenomeno bihurtu da “botelloia”: gazteak (edo ez hain gazteak), dendetan edariak erosi ondoren, edozein txokotan biltzen gara, mozkortzen garen bitartean gure gauzez mintzatzeko. Helduek, jakina, ez dute ondo ikusten horrela aritzea. Baina bilatzen al dituzte moda berri horren arrazoiak? Saiatzen al dira jarduera alternatiboak eskaintzen? Betetzen al dira gazteok eskatzen ditugun gutxiengo baldintzak?... Argi dago gazteen (eta helduen) jarrerak gizartearen araberakoak direla. Beraz, kolokan jarri beharrekoa ez da gazteen portaera, gizartea bera baizik. Irakur ditzagun, besterik gabe, gai horri buruz bildu ditugun zenbait iritzi. Esaera zaharrak dioen gisan, “zenbat buru, hainbat aburu”.


Maialen Lopez

Ez zait gaizki iruditzen gazteek horretara jotzea: tabernetan edariak garestiegi daude, eta gazteek ez dute erosteko aukerarik. Baina gaizki iruditzen zaidana jendea molestatzea da, lo egiten utzi gabe. Beraz, alde nago, baina pixka bat kontrolatuta.
Julen Argüello

Gustatzen zait. Ondo pasatzen duzu, lagunak egiten dituzu, eta helduengandik urrun zaude. Helduek ez dakite nondik nora doan kontua, baina erabaki dute gaizki dagoela: jendea mozkortzen eta drogatzen da, eta bizilagunei ez zaie lo egiten uzten. Hori dena gezurra da; helduek ez dute nahi guk ondo pasatzea.


Gorka Dakosta

Nire ustez, oso dibertigarria da: momentu horietan pozik zaude, eta txorakeria pila bat egiten duzu. Hala ere, alde onak eta txarrak ditu: onenen artean, jende pila bat ezagutzen duzula, mozkorraldiak lotsa kentzen laguntzen dizulako, eta, txarrenen artean, etxera mozkortuta iritsiz gero, gurasoek harrapatzeko arriskua dagoela.
Tania Arenas

Alde batetik, uste dut helduen debekuen kontrako jarrera erakusten dutela gazteek. Gainera, debekatzen duten gehienek alkohola edaten dute. Txarra baldin bada kalean edatea, gauza bera tabernetan. Ez du ematen helduek oso jarrera egokiak irakasten dizkigutenik. Azken finean, gazteok helduen jarrerak kopiatzen ditugu.


Pili Preciado

Sortu diren istiluak direla eta, ematen du jarduera hori debekatu egin behar dutela. Niri ondo iruditzen zait, dena zaborrez eta kristalez josita uzten delako. Badago kontrolatzen duen jendea, baina, bestelakoa gertatzen bada, arriskuak sor daitezke: motoa edo kotxea hartuz, borroka eginez, eta abar. Irtenbidea izango litzateke udalek gazte-jendea egoteko lokalak zabaltzea.
Olga Mondragon

Ez zait ondo iruditzen kalean edatea. Jendea edanda egoten da, eta dena zikin-zikina uzten dute. Hala ere, ez zait ondo iruditzen tabernetan edaririk ez ematea edo edaria hain garesti egotea. Gazteak kalean edatera behartuta daude, diru-faltarengatik. Beraz, onartzen dut gazteek edatea, baina molestatu edo zikindu gabe.


Lorena Vergara

Ondo iruditzen zait jendea horretan aritzea. Norberak eskubidea dauka bere buruarekin nahi duena egiteko. Gaizki iruditzen zait dena zikina eta kristalez beteta uztea. Gainera, gehienetan parketan egiten da, eta umeak zauritzeko edo zikintzeko arriskua dago. Argi dago gazteek ezin dutela tabernetan kontsumitu, dena oso garesti dagoelako.
Mario Cordoba

Ondo iruditzen zait, inori kalte egiten ez bazaio. Jendeak ondo pasatzen du, eta lotsa-puntu hori kentzen du. Penagarria da neska-mutilak lurrean botata ikustea. Gurasoek ez dute guk horretan jardutea nahi, zenbait arrazoirengatik: gutaz arduratzen direlako eta inbidia antzekoa sentitzen dutelako, haiei gorputza edota gogoa falta zaielako.

Maria Reina Eskola, DBHko 4. maila


Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza* / Testu Normala** / Testu Zailagoa*** / Testu Zailena****