euskaraz.net
Martuteneko berrikuntzak

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Auzoka eskola aldizkaria »  Auzoka 77 2005/12 »  Martuteneko berrikuntzak

Donostia auzoka * *

Martuteneko berrikuntzak
Denbora gutxi barru, Martutenera aspaldian etorri ez direnei, ezezaguna gertatuko zaie auzoa, hona bisita egitera etortzen direnean. Hainbeste aldaketa izan dira!
Arantzazuko Ama ikastolako jolastokiko estalpea izugarri ederra da, eta, euria egiten duenean, busti gabe jolas gaitezke patioan. Bertan jaialdiak egiteko aukera ere badugu. Horretaz gain, auzoko parkea berritu eta handitu egingo dute. Gure iritzia ere jakin nahirik, guri galdetzera etorri ziren ikastolara, eta tailer bat antolatu genuen, gure parkearen proiektua egiteko. Donostiako zenbait parke aztertu ondoren, erabaki genuen gure auzoan Amarako parkearen antzekoa izatea gustatuko litzaigukeela. Gure iritzia kontuan izango zutela esan ziguten, eta hala izatea espero dugu.

Baina, horretaz guztiaz gain, Arantzazuko Ama ikastolaren mediateka auzoari irekiko diogu, 2006. urtearen hasieran. Mediatekak “Amondarain mediateka” izena edukiko du, Don Bittor Amondarain jaunari omenaldia egiteko asmoz, bera izan baitzen gure ikastolari Villa Pilar etxea oparitu ziona. Hari esker, eta garai hartako zenbait gurasoren esfortzuari eta lanari esker, Martutenen ikastola dugu gaur egun, eta laster Amondarain mediateka ere izango dugu.

Uste dugu mediatekaren proiektua hobekuntza handia dela Martutene auzoarentzat, batez ere gazte eta haurrentzat, beren ikasketak egiteko informazioa aurkituko dutelako bertan. Musika, pelikulak... entzuteko topagunea izango da, ikusteko eta lasai-lasai liburu ederrak irakurtzeko. Eta kontuan izanik gure auzoan ez dugula kultura-etxerik, mediateka izango da lehen urratsa.

Guk egunero ikusten ditugu egiten ari diren lanen aurrerapenak. Hasieran, dena puskatzen ari zirela zirudien, baina itxura ezin hobea hartzen ari da pixkanaka-pixkanaka. Dagoeneko sabaia jaitsi dute, paretak eta ateak margotu dituzte, eta, orain, koloretako lur polit bat jarri dute. Berehala, apalak eta mahaiak ekarriko dizkigute. Liburuak aspaldi iritsi ziren, eta mediatekaren arduradunak eta guraso batzuk liburu horiek guztiak forratzen ari dira. Lan ederra dute!

Lehenbailehen dena egina egotea espero dugu, erabiltzen hasteko irrikitan baikaude. Zuek ere gonbidatuko zaituztegu guri bisita bat egitera, gure mediateka, liburuak, pelikulak eta abar ezagutu ditzazuen.
Mediatekako obrak, bukatzear

Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza* / Testu Normala** / Testu Zailagoa*** / Testu Zailena****