|
Donostia auzoka
*
*
*
|
“Derbiak Oiartzunen aurka izaten ziren”
|
|
Añorgako nesken futbol taldeak 25. urteurrena bete du aurten
Urteurrenaren egunean, protagonista nagusia izan zen Arantxa del Puerto jokalari ohia, orain taldearen entrenatzailea dena.
|
25 urtetan Añorgako nesken futbol taldeko jokalari izan da Arantxa. Iaz, jokalari-lana utzi, eta entrenatzaile lanetan hasi zen; hori dela eta, haren lagunek eta auzotarrek omenaldia egitea pentsatu zuten. Pentsatu eta egin. Omenaldia abuztuaren 27an izan zen.
Noiz eta non hasi zineten futbolean jokatzen?
1980. urtean hasi ginen, eta gure lehenengo partida hondartzan izan zen.
Txikitan, futbolaria izan nahi al zenuen?
Nik txikitan informatikaria izan nahi nuen, eta horretan lan egiten dut gaur egun.
Zenbat urterekin hasi zinen futbolean jokatzen?
8-9 urterekin hasi nintzen.
Zein zen zure idoloa?
Jokalari asko miresten nituen: Bakero, Nadal, Guardiola, Puyol dira horietako batzuen izenak.
Zein talderen aurka jokatu zenuen zure debutean?
Ez dut oso ondo gogoratzen, baina uste dut Santo Tomas lizeoaren kontra izan zela.
Zein postutan jokatzen zenuen?
Defentsan, libre edo zentral moduan.
Zenbat gol sartu dituzu urte hauetan?
Nik penaltiak eta faltak jaurtitzen nituen, eta gol bat baino gehiago sartu dut, baina ez dut gogoan zenbat izan diren.
Derbiren bat jokatu al duzu?
Gure garaian, derbiak Oiartzunen kontra izaten ziren, orduan ez baitzen ez Reala ezta Athletic ere. Realeko eta Athleticeko taldeak orain dela gutxi sortu dira.
Superligaren bat irabazi al duzu?
Lehen, “Ohorezko maila” izena zuen, eta horietako hiru irabazi genituen. Horietaz aparte, hiru erregina-kopa ere irabazi genituen.
Ba al dakizu zenbat partida jokatu dituzun 25 urte hauetan guztira?
Ez, ez dakit zenbat izan diren.
Zenbat kopa irabazi dituzu guztira?
Asko; 18, gutxi gorabehera.
Zein txapelketa gustatzen zitzaizun gehien?
Liga zen gehien gustatzen zitzaidana.
Zein izan da zure etsairik gogorrena 25 urte hauetan?
Gipuzkoako gure etsairik gogorrena Oiartzungo taldea izan zen, eta, kanpoan, Orokieta Villaverde madrildarrak izan ziren. Argi dago.
Inoiz lesionatu al zara?
Orain dela zazpi urte lesionatu nintzen lehenengoz; ordura arte, zorte izugarria izan nuen.
Zer jaten zenuen partiden aurretik?
Pasta edo arroza jaten nuen, kirolari guztiek egiten duten modura.
Jokalari asko pasatu dira taldetik; horien artean, zeintzuk izan dira zure lagunik onenak?
Denekin ondo moldatu izan naiz, baina lagunik onenak Eli Capa eta Marian Arizeta izan dira.
Azkenik, nola sentitu zinen jaso zenuen omenaldian?
Oso pozik sentitu nintzen, horrelako omenaldiak normalean gizonezkoei egiten baitzaizkie.
|
 |
Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza* / Testu Normala** / Testu Zailagoa*** / Testu Zailena****
|