euskaraz.net
Auzoak: Intxaurrondo

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Auzoka eskola aldizkaria »  Auzoka 77 2005/12 »  Auzoak: Intxaurrondo



Donostia auzoka * *

Mons kiroldegiko berritze lanak
Mons kiroldegiak hamaika urte daramatza zabalik, eta urteak pasa ahala, asko ari da berritzen.

Batetik, tenis eta padel-pistak estali egin dituzte. Lehenago, euria egiten bazuen, ez zegoen tenisean edota padelean ibiltzerik. Ondorioz, ume askok beren entrenamendua galtzen zuten, barruan ez baitago pistarik. Arazo horri aurre egiteko, pista estaliak egitea proposatu zioten udalari, eta egin dituzte.

Horretaz gain, bi squash pista, bi frontoitxo, zenbait gimnasio, hiru padel-pista, eta abar ditu kiroldegiak. Gainera, aldagelak, bainugelak, eta abar ere baditu. Ondo zainduta dago.

Azken berrikuntza teilatuan dago. Energia aurrezteko, eguzki-plakak jarri dituzte, horien bidez ura berotzeko. Julimasene kalean dago Mons kiroldegia. Jendeak esaten duenez, etekin handia aterako zaie kanpoko pista estaliei. Egia izango ahal da!


Lanak uste baino gehiago atzeratu dira
Garro zubiko berrikuntza-lanak hasi dira
Garro zubian egin beharreko obrak abuztuaren 10ean hasi ziren, eta a-benduan amaituta egotea espero da.

Orain arteko zubia oso estua zen. Kotxe bakarra sartzen zen, eta oinezkoentzat ere ez zen lekurik gelditzen. Izan ere, 3,6 metroko zabalera zeukan. Eraberritze-lanei esker, 9,70 metroko zabalera izango du zubiak. Albo batean, 3,65 metro zabaleko errepidea egingo dute. Horren ondoan, 1,95 metroko bidegorria joango da, bi norabidetan; azkenik, oinezkoentzako bi metroko pasabidea. Beste aldetik, aldaketa horien bidez, autobusen maniobrak eta kotxeenak erraztuko dira. Beraz, zubia erabat berrituta geldituko da. Abuztuaren 10ean hasi ziren lanak, eta zubia erabat itxi zuten. Horrek oztopoak ekarri dizkigu Intxaurrondoko bizilagunoi, auzoan sartzeko, buelta handia eman behar dugulako orain, Herreratik.

Lanak asko atzeratu dira, Renferen baimena falta zelako. Eraberritze-lanen aurrekontua 278.500 eurokoa da.


Aransgi inauguratu dute Intxaurrondon
Gipuzkoako Ume Gorren Entzumen-Errehabilitaziorako Elkartea da Aransgi. Azaroan, Aransgi elkartearen egoitza berria inauguratu zuten Intxaurrondon.

1967. urtean sortu zen elkartea, guraso talde baten ekimenez. Guraso horien helburua pertsona gorren bizitza erraztea, eta bizi-kalitatea hobetzea zen. Haiei esker, hainbat ume eta nagusik hobeto daramate gor-bizitza.

Intxaurrondoko Aransgi 42 profesionalez osatua dago: sendagileak, irakasleak, teknikariak, eta abar. Tolosan eta Bergaran ere egoitzak ditu Aransgi elkarteak. Lerrootatik, eskerrak eman nahi dizkiegu elkartekoei egindako lana dela-eta.

Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza* / Testu Normala** / Testu Zailagoa*** / Testu Zailena****