euskaraz.net
Break dance-a

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Auzoka eskola aldizkaria »  Auzoka 77 2005/12 »  Break dance-a



Elkarrizketa * * *

“Buruarekin bueltak ematen ikasi nahi dut”
Hogeita bederatzi urteko gazte donostiarra dugu Diego Picamilis. Break eta scalestric dantzak dira bere zaletasunak.
Zer da zuretzat break dancea?

Hasieran, zaletasuna zen; orain, bizitzeko era da. Probatuz gero, ezin duzu utzi. Break dancean, denetatik egin dezakezu: buruarekin birak egin, eta gorputzaren beste atalekin oreka-ariketak, eta pauso berriak.

Zer duzu gustukoen, goitik edo behetik dantza egitea?

Goikoa gehiago gustatzen zait. Hala ere, bilakaera bat izan dut: hasieran gorputzeko beheko atalekin dantzatzea gustatzen zitzaidan, behekoak indarrezkoak baitira: eskumuturrak, oinak, lepoa... gimnastikoagoak dira. Goitik egiten bada, berriz, dantza gehiago egin behar da, estilo handiagoarekin, eta, horretarako, denbora behar duzu.

Bietatik zein uste duzu egiten duzula ondoen?

Behekoa, denbora gehiago daramadalako, eta mugimendu gehiago dakizkidalako; footworks eta antzekoak dira gehien gustatzen zaizkidan pausoak.

Nork eta noiz asmatu zuen dantza mota hori?

Rock Steady Crew taldekoek asmatu zuten; zenbait arrazatako gazteak ziren. Parkeetan elkartzen ziren, eta han bakoitzak bere mugimenduak egiten zituen: zaldiak, mugimendu errobotikoak, eta beren herrialdeetako dantzetako hainbat dantza-pauso. New Yorken izan zen, Bronx-en.

Zergatik asmatu zen, edo nola?

Garai hartan, laurogeigarren urtean, dj-ek eta B-boys-ek baimenik gabeko festak antolatzen zituzten. Festa haiek arrakasta handia izan zuten. Hip-hop-aren sorrera izan zen.

Aldaketarik izan al da, lehen eta orain, dantzatzeko moduetan?

Asko. Lehen, “Lockin” eta “Popin” estiloetan dantzatzen zen; hobeto ulertzeko, roboten moduko kalabrietan eta eskuen mugimendu berezietan oinarritzen ziren. Janzkerari dagokionez, galtzerdi luzeak eta txano handiak eramaten zituzten; oso deigarriak ziren. Gaur egun, hori ez da horrela.

Non dantzatzen da dantza estilo hori?

Kalean. Break dance ekitaldiak kiroldegietan edo plazetan egiten dira.

Zein da zure eginkizuna break-ean?

Hamar urte daramatzat dantzatzen. Gustukoa dut ahalik eta jende gehienarekin dantzatzea: gazteak, zaharrak...

Garrantzitsua izan al zara Donostiako break mugimenduan?

Hiri txiki batean bizi gara, eta hiri honetan, dantza hau egiten zuen bakanetakoa nintzen; agian, horregatik maite nau jendeak.

Zer eman diozu jendeari?

Laguntasun-giro handia dago; denon artean, ateratzen zaizkigun mugimendu eta pauso berriak erakusten ditugu. Zaharrenetarikoa naizenez, breaker berriek nigandik zerbait eramaten dute.

Zein tokitan eta norekin dantzatu duzu?

Eszenatoki askotan. Bilboko Euskalduna garrantzitsuenetarikoa izan da niretzat. Baita kontzertu-tokietan ere. Hemengo neska batekin eta beste herri batzuetako bost mutilekin dantzatzen dut. Edozein tokitako kaleetan borobil bat osatu, eta dantzatu egiten dugu. Horixe da gure espiritua.

Dantza talderen batean zabiltza, edo ibili zara?

Bai, Intxaurdanza taldean nabil. Askotariko aktibitateak antolatzen dira bertan: antzerkia, break-a, dantza klasikoa, funky-a, eta abar. Talde serioa da. Horren aurretik, beste talde batzuetan parte hartu nuen: B.D.D.B, Demacrados, eta Last tribe, hain zuzen, baina ez zuten antolaketarik.

Noraino iritsi nahi duzu break-arekin?

Dantza uzten dudanean, break dance-a kaleetan ikustea gustatuko litzaidake, eta ez moda bihurtzea. Gorputz osoa minduta daukat nik; hala ere, gutxienez bi trikimailu berri ikasi nahi ditut: buruarekin bueltak ematea eta ukondoko twister-ak.

Etorkizunean, break dancea uzten baduzu, break dancearekin zerikusia duten kontuak antolatuko zenituzke?

Munduko txapeldunekin antolatuko nituzke: Last For One. Gehiagorekin ere bai: Crumbs (amerikarrak), Storm (alemaniarrak)…

Ikastaroren bat emango al duzu?

Hil honen 19n Zaldibarren emango dugu ikastaro bat. Urte osoan, Hernanin eta Zarautzen ere ikastaroak emango ditugu.

Taldearekin jarraituko duzu?

Bai. Hala ere, gazteekin beste talde berri bat osatu nahi dugu, ekitaldietan Gipuzkoaren izenean joateko.

Nola ikusten duzu break-aren etorkizuna Euskal Herrian?

Oso ondo; gauza handiak eta ederrak egingo dira. Denbora kontua da.

Igor Olaizola


Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza* / Testu Normala** / Testu Zailagoa*** / Testu Zailena****