euskaraz.net
Auzoak: Martutene zaharberritzen

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Auzoka eskola aldizkaria »  Auzoka 77 2005/12 »  Auzoak: Martutene zaharberritzen

Erreportajea * * *

Martutene, elkarlanean zahar-berritzen

Maite Fernández, ikastolako obren aurrean
Maite Fernandez Martuteneko auzo-elkarteko kidea prest agertu zaigu auzoan izango diren aldaketei buruzko informazioa emateko. Elkarteko kidea izateaz gain, Arantzazuko Ama ikastolako guraso da.
Elkartzeko eta lan egiteko prozedura berria

Maitek esan digunez, duela hilabete batzuk, Martutenera ikerketa bat egitera etorri ziren unibertsitateko bi ikasle. Ikerketa egin zuten neskak, auzoko obretan parte hartu nahi zuten auzokideekin elkartu ziren, eta honako prozedura hau jarri zuten martxan: lehendabizi, lau talde osatu ziren auzoko bizilagunekin. Zereginak banatu zituzten lau talde horien artean: parkea antolatzeko taldea, auzoaren antolamenduaz arduratzeko taldea, Etxarriene ingurua antolatzeko taldea, eta talde bultzatzailea bereizi zituzten.

Taldeen zereginak

- Parkea: Obrak otsaila inguruan hasiko direla jakinarazi digu Maite Fernandezek, eta lan horiek hiruzpalau hilabete iraungo omen dute. Urriaren 27an, Martuteneko gure ikaskideak deitu zituen Donostiako udalak, bilera bat egiteko, ikastetxean bertan, parkeari buruz gazteok genituen iradokizunak jasotzeko asmoz.

- Auzoa: obra horiek ere otsailean hastekoak dira. Espaloiak kendu, oinezkoentzako hiru kale egin, eta gure ikastola txikiko sarrera aldatzeko asmoa dute. Gainera, zuhaitz asko jarriko dituzte. Lan horiek urtebete iraungo dutela aurreikusi dute.

- Etxarriene: Hiru lokal eraikiko dituzte: ordenagailuak egongo diren gela bat, umeak egoteko leku bat, eta antzerkia egiteko eszenatoki bat. - Talde bultzatzailea: “Izartu” proiektuaren bi arduradun etorri ziren, auzokide horiekin lan egiteko prozedura abian jartzeko, bizilagunen kezkak argitzeko... Ordura arte, Martuteneko biztanleek ez zuten Donostiako udalarekin harreman onik izan, urtetan ez baitzuten inolako aurrerapausorik ikusten, haiek proposaturiko hobekuntzei zegokienez.

Orain, berriz, esan beharra dago harremanak hobeak direla. Auzokideak baikor daude, egitasmo honetan beren iritzia kontuan hartzen delako, eta iruditzen zaie auzoko bizi-baldintzak hobetzeko aukera eskaintzen ari zaiela udala. Maiteren hitzetan, “Bazen garaia zer edo zer egiteko”.

Horrekin batera, zera adierazi ziguten lan-taldeek: 12-14 pertsonez osatuta zeuden hasieran, nahiz eta orain gutxiago izan. Dena den, talde sustatzailea da jende gehien biltzen duena, eta datu itxaropentsua da hori.

Hasieran proposamenak denen gustukoak izatea zaila izan arren, pixkanaka errazagoa izan omen da adostasuna lortzea, eta, oro har, gustura daude.

Lan asko dago egiteko, baina lehenago bakarka egiten zena, elkarlana da gaur egun. Horrek eraginkor bihurtzen ditu bilerak, eta partaideak hobeto sentiarazi.

Bukatzeko, gure elkartasuna adierazi nahi diegu auzoko denei: gazte, zahar, heldu, ume... hobetze-lanetan dihardutenei, eta, nola ez, eskerrak Maite Fernandezi, eskainitako argibideengatik. Gauzak elkarrekin egiten direnean, elkarren iritziak entzun eta aintzat hartuz, errazagoa izaten da arazoak konpontzea. Erreportaje honetan idatzitakoak adibide ona dira.

Josu Iturbe, Asier Salaberria eta Amaia Usandizaga.

Maite Albero, Arantzazuko Amako Lehen Hezkuntzako irakaslea.

Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza* / Testu Normala** / Testu Zailagoa*** / Testu Zailena****