euskaraz.net
Ekologia: intsektuak

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Auzoka eskola aldizkaria »  Auzoka 77 2005/12 »  Ekologia: intsektuak

Ekologia * * * *

Intsektuak, Bizidun Ezezagunak
Ospe txarra duten arren, intsektuak desagertuko balira, espezie lurtar asko desagertuko lirateke, gizakia barne.


Munduan, 1.750.000 espezie baino gehiago dago. Gezurra badirudi ere, XXI. mendean, horietako gutxi ezagutzen dira. Espezie horietako asko desagertzen dira urtero.

Lehen intsektuak duela 350 milioi urte agertu ziren, eta, gerora, ekosistema guztietara hedatu dira. Batzuetan, intsektu helduak birsortzeko adina denbora bizi dira, elikatzeko behar dituzten organoak garatu gabe.

Euskal Herrian, mota askotako intsektuak daude. Horietako askok gorputz osoa garatu dute; ehiztariek, esaterako. Edozein intsektu izan daiteke besteen harrapakin; hala, sagu, musker, igel edo antzekoen menpe egon daitezke.

Arerio horiei guztiei aurre egiteko, hainbat bide garatu dituzte defentsa bezala: kamuflajea da zabalduena; hosto, azal, makila, edo enbor bihurturik topa ditzakegu intsektuak. Beste batzuek, berriz, desatseginak gertatzen diren espezien itxura hartzen dute.

Intsektuen morfologia

Haien gorputza dela medio, erraz bereizten dira. Gorputza, txikia izan arren, hiru zatitan banatuta daukate: burua, bularra eta sabelondoa, bi antena, sei hanka, eta bat edo bi hego parez hornitua. Deigarria da intsektuek aldatzeko duten gaitasuna; hots, nolako metamorfosia egiten duten.

Nola komunikatzen dira?

Oro har, harrigarriak gertatzen dira intsektuen komunikatzeko sistemak. Batzuek hotsak emitituz egiten dute; beste batzuek, aldiz, dantza ikusgarriak edo gorputzaz sortutako bibrazioak erabiltzen dituzte janariaren lekua adierazteko, erleen kasuan, esaterako. Beste batzuetan, feromonen bidez topa dezakete bikotekidea, eta baita hura kontrolatzeko erabili ere.

Intsektuak beharrezkoak dira

Badira intsektu batzuk higuina sortzen dutenak. Hala ere, onuragarriak dira. Alde batetik, batzuek eztia, argizaria sortzen dute; beste batzuk beharrezkoak dira ikerketa-esparruan. Badira ekosistemaren kalitatea neurtzen dutenak, edo polinizazioa eta materiaren birziklatzean parte hartzen dutenak.



Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza* / Testu Normala** / Testu Zailagoa*** / Testu Zailena****