|
Entzundakoak
*
*
*
oso ona ona balekoa txarra
|
|
“Nire aitaren fusila”
Idazlea: Hiner Saleem.
Itzultzailea: Juan Kruz Igerabide.
Argitaletxea: Alberdania.
Haur kurdu baten haurtzaroa eta gaztaroa kontatzen digu liburuak. Liburu ona iruditu zait, baina pasarte batzuk oso gogorrak iruditu zaizkit. Zaila eta gogorra da, beti edo ia beti borroka eta gatazka egunerokoak diren leku batean bizitzea. Horrez gain, norberaren familia abertzalea bada, are zailagoa eta gogorragoa da horrelako leku batean bizirautea.Pasarte horietaz gain, badaude beste pasadizo batzuk oso ederrak direnak. Esaterako, oso hunkigarria da une gogor horietan senideak eta lagunak oso elkarturik egotea. Liburu honekin, kultura ikasteko aukera daukagu: kurduen egoera, bizimodua, ohiturak, eta abar.
Leire Serra DBHko 4. maila.
La Asuncion ikastetxea
|
“Garmendia Errege”
Kirmen Uribe eta Mikel Valverde
Argitaletxea: Elkar
Garmendia eta Amalio lagunak dira, baita behartsuak ere. Garmendiaren indarrari esker, lanpostu bat lortu dute Bufalo Bill-en zirkuan. Baina, denbora pasatu ahala, ospetsu bihurtzearekin batera, harroputz galanta bilakatu da Garmendia, eta bere lagun minaren adiskidetasuna galdu du. Amaliok lana uztea erabakiko du, eta bere herrira itzuliko da, Garmendia bakarrik utzita.
“Garmendia Errege” liburu ona da. Adiskidetasunari buruz hitz egiten du, eta argi adierazten du askotan zer gertatzen zaigun: txorakeria baten eraginez adiskidetasuna bukatu egiten dela. Lagun bat galtzen duzunean, nola sentitzen zaren ere ederki islatzen du. Azkar irakurtzen da, eta, elkarrekin daudenean, zenbait abentura entretenigarri bizi dituzte bi adiskideek.
Erik García Augusto DBHko 1. maila.
La Asunción Ikastetxea. Donostia
|
|
|
“Maitasuna besterik ez”
Idazlea: Marlise Arold
Itzultzailea: Pello Zabaleta
Argitaletxea: Elkar
Gaur egungo 16 urteko neska batek maitasunari buruz dituen zalantzak azaltzen dizkigu idazleak. Idazlearen mezua da, maitasuna gauza guztien gainetik dagoela, bai sexualitatearen eta baita jendearen iritziaren gainetik ere. Sandra 16 urteko neska bat da, eta uste du Thomasekin maiteminduta dagoela. Egun batean, Meike izeneko neska bat ezagutzen du gaztetxean. Beraren sentimenduak nahastu egiten dira, ez duelako ulertzen zer gertatzen zaion. Sandrak bere lagun min Isabeli bere sentimenduak kontatzen dizkionean, alde batera uzten du hark, gaixo dagoela pentsatzen duelako.
Amodiozko istorio zoragarria dugu eleberri honetan jasotzen dena, pertsona homosexualek eta heterosexualek dituzten sentimenduak berdintzen dituelako, horren atzean maitasuna besterik ez dagoela adieraziz. Istorioa asko gustatu zait, homosexualen sentimenduen azalpen garbia egiten duelako. Anima zaitez!
Naiara Martín. DBHko 3. maila.
La Asunción Ikastetxea.
|
“35 kilo esperantza”
Idazlea: Anna Gavalda
Itzultzailea: Jesus Mari Mendizabal “Bizargorri”
Argitaletxea: Alberdania
Frantziako herri txiki batean bizi den mutiko baten sentipenak adierazten dizkigu idazleak. Gregoire da gure protagonista.
Gregoirek eskola gorroto du; ikasle txarra da, eta bi ikasturte errepikatu behar izan ditu. Azkenean, eskolatik botako dute, pailazoarena egiteagatik. Bere gurasoek ulertzen ez dutenez, bakarrik sentitzen da Gregoire, eta aitonaren txabolara joaten da beti. Bien arteko erlazioa oso ona da; beraz, istorioan nabarituko duzunez, protagonistak asko maite du aitona. Gregoireren bizitza aldatu egiten da aitona gaixotzen denean. Berak nahi duen eskolara sartzeko, azterketa bat egin behar du, eta protagonistak aitonaren ahotsak entzuten ditu, aurrera jarraitu dezala esanez. Zer gertatuko da amaieran? Aitona sendatu egingo da? Gregoire eskola berrian onartu egingo dute? Ikasten hasiko al da?
Erantzunak jakin nahi badituzu, liburua irakurri beharko duzu; animo! Niri liburua gustatu egin zait, gure adineko mutil baten sentimenduak azaltzen dituelako.
Amaia Salas. DBHko 2. maila
|
Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza* / Testu Normala** / Testu Zailagoa*** / Testu Zailena****
|