euskaraz.net
Alkoholaren ondorioak

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Auzoka eskola aldizkaria »  Auzoka 78 2006/02 »  Alkoholaren ondorioak



Iritzi-miritziak

Alkohola eta haren ondorioak
Asko dira alkohola edaten duten pertsonak. Gehienak gazteak dira, 15-16 urtetik aurrerakoak. Baina badago lehenago ere alkohola edaten hasten den gazte asko. Nire ustez, ondo dago zenbait lekutan alkoholik edaten ez uztea 18 urte bete arte. Batzuek mozkortzeko edaten dute, nahiz eta alkohola gustuko ez izan; beste batzuek, ordea, lagunekin “ondo pasatzeko” edaten dute. Gazteen artean gutxi batzuk dira alkohola probatzen ez dutenak.

Bidezkoa iruditzen zait edaten duenak gidatu ezin izatea, alkoholak dakartzan ondorioak ez baitira batere onak; gidatzen baduzu, hobe ez edatea. Asko dira alkohola edan, gidatu, eta beren bizitza galtzen dutenak. Okerrena da edanda doanak istripua eduki eta beste baten bizitza galtzea eragitea; izugarria da horrek dakarren mina eta tristezia. Ondo iruditzen zait geroz eta alkohol-kontrol gehiago jartzea; horrela, behintzat, alkoholaren ondorioz jende gutxiago hilko da.

Gazte askok pentsatzen du kubata bat edateagatik ez zaiola ezer gertatuko, baina oker daude. Gainera, pertsonok alkohol kantitate ezberdina jasaten dugu. Batzuk txupito bat hartuta gaizki sentitzen hasten dira, eta beste batzuk kubata batekin. Oso gutxi dira gehiago edan behar dutenak gaizki sentitzen hasteko.

Alkoholaren ondorioz, koma etilikoak jotako gazteak geroz eta gehiago dira zoritxarrez, eta egoera horretara iristen den pertsonak arriskuan jartzen du bere bizia. Baina alkoholak badu eraginik beste alor batzuetan ere. Zoritxarrez, geroz eta emakume gehiagok jasotzen dituzte tratu txarrak, beren senarra mozkortuta dagoelako. Horrekin guztiarekin esan nahi dut alkohola edan nahi duenak kontrolatzen ere jakin behar duela, ondorioak ez baitira batere onak. Beraz, kontuz alkoholarekin!
Andone Zatarain,
Easo Institutu Politeknikoa

Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza / Testu Normala / Testu Zailagoa / Testu Zailena