Donostia auzoka
|
|
Ai, ai, ai… sendagileari bisita
|
|
Egiatarrak jende sanoa gara, eta osasuntsu bizi gara. Hala ere, gure auzoak gaitz bat baino gehiago du, eta horrexegatik, sendagilearengana jo dugu, konponbide eske. Hona hemen sendagile jaunarekin izan dugun solasalditxoa.
|
Sendagile jauna, gorputz osoko minez nago, aldapak igotzeagatik.
-Noizko eskailera mekanikoak?
-Sendagile jauna, begietako minez nago, Ur-zaleak inguruko ikuspegi zoragarria gozatzearen ondorioz.
-Noizko inguruaren birmoldaketa?
-Sendagile jauna, maskuriko minez nago, nire maskuriak pixari hainbeste eusteagatik… eta, nire beharrak egiteko, taberna bateko komunean sartu beharrari oso garesti deritzo nire poltsikoak.
-Noizko komun publikoak?
-Sendagile jauna, sutan jartzen nau, Tejeria kalean nire erosketa-orgatxoarekin noala supermerkatu aurretik pasatu ahal izateko, tartetxo bat bilatu behar izateak, baina, kotxeen gainetik pasatzen banaiz, muturrekoa hartu, eta orduan… Nongo minez izango naiz? Nola liteke?
-Noizko Tejeria kalea oinezkoentzat, erabat edo erdizka?
-Sendagile jauna, erabat beldurtzen nau seme-alabekin edo aitonarekin noanean semafororik gabeko Karmengo Amaren errepidea zeharkatzeak. Horretan, sendagile jauna, oraingoz inongo minik ez, zeren, hala balitz, agian kontatzerik ere ez nuke izango.
-Noizko semaforoa?
-Sendagile jauna, hezurretako minez nago; erreuma ote? Agian, zahar-etxean luzaroan egotea eta zahar-etxea soto batean egotea izango da arrazoia.
-Noizko zahar etxe goxo bat?
-Sendagile jauna… Aizu! Zergatik hurbiltzen zara hainbeste niregana? Anbulatorioan toki gutxi? Edo zure gustukoa al naiz?
-Noizko Egiako Biztenleok merezi dugun anbulatorio berria?
-Sendagile jauna, beste min batzuk ere sentitzen ditut, baina ez zaitut nekatu nahi.
Eta azkenean, hainbeste kexu entzunda, sendagile jaunaren erantzuna jaso dugu: “beno, beno… Baina nik aholkatzen dizut “Udaletxe jaunarengana” joatea. Bertan gaitz guztiak senda ditzakete; nahi badute, noski”.
|
|
Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza
/ Testu Normala
/ Testu Zailagoa
/ Testu Zailena
|