euskaraz.net
Amara Berriko danborrada

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Auzoka eskola aldizkaria »  Auzoka 78 2006/02 »  Amara Berriko danborrada

Donostia auzoka

Danborrada Amara Berrin
Urtarrilaren 20an izan zen danborrada eguna Donostian. Egun garrantzitsua izaten da hirian. Bandera igotzen dutenetik, jaisten duten arte, desfile ugari izaten dira erdigunean eta Donostiako auzoetan.


1813an, frantsesek beren menpe zuten Donostia. Ingelesak laguntzera etorri ziren, eta donostiarrak frantsesen alde zeudela pentsatuta, Donostia erre zuten. Orduko gerratean, Donostian zeuden soldaduak danborra joaz komunikatzen zirenez, urte batzuk geroago, inauterietan, soldadu haiek imitatzen hasi ziren donostiar batzuk. Ekintza horrek arrakasta izan zuenez, gaur egun, ohitura den bezala, gerratea oroitu nahian, urtarrilaren 20ean danborradak antolatzen dira Donostiako kaleetan. Urtarrilaren 20a oso egun garrantzitsua da Donostian, jaia egun osoan zehar izaten baita, bandera igotzen denetik jaisten den arte.

Banderaren igoera eta jaitsiera nagusiak Konstituzio plazan izaten dira. Bandera igotzerakoan danborra jotzen duen elkartea Gaztelubide deitzen da, eta, aurten, lehen aldiz, emakumeak ere atera dira. Bandera jaitsieran ere emakumeak izan ziren, baina jaitsieran jotzen duena Union Artesana elkartea izaten da. Konstituzio plazan izaten denaz gain, beste auzoetan ere izaten dira beste batzuk; adibidez, Antiguan, Amaran eta beste auzo askotan.

Konpainietan, danborrak, barrikak eta batzuetan kantinerak eta desfile-burukoak ere badaude. Danborrada bakoitzak bi zuzendari edukitzen ditu: bata danborrentzat, eta bestea barrikentzat.

Umeen danborradan, urtero, zuzendari bat aukeratzen dute zuzendari guztien zuzendari izateko; Danbor Nagusia da horren izena. Horrekin batera, beste aukeraketa bat ere izaten da, Easo Ederrarena. Horiek, udaletxeko balkoitik hitz batzuk esan, eta beste zenbait ekintza egin ondoren, Donostian zehar ibiltzen dira eskolako danborradekin batera.

Badaude bi multzotan banatzen diren konpainiak: normalean, bata umeena izaten da, eta goizetan ateratzen da; bestea helduena da, arratsaldetik aurrera ateratzen dena. Danborrada horiek guztiak, eskolek eta elkarteek antolatzen dituzte. Amarako danborradetako batzuk honako hauek dira:

Amara Berri konpainia bi taldetan banatzen da. Amara Berriko umeena 1990ean sortu zen, eta helduena, berriz, lau urte geroago. Biak neska-mutilenak dira.

Ikasbide konpainia ere bitan banatzen da. Umeena 1988an sortu zen, eta helduena 1999. urtean.

Karmeloko konpainia 1990ean sortu zen. Hori ere eskola bati dagokio, baina ez du helduen konpainiarik.

El Sauce elkartea, aldiz, helduek besterik ez dute osatzen. Elkartea 1988koa da.

Abandotarra ere elkarte batena da, eta 1988tik dabil Donostiako kaleetan desfilatzen. Elkarte horretan, emakumeak eta gizonak daude.

Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza / Testu Normala / Testu Zailagoa / Testu Zailena