euskaraz.net
Elkarrizketa: Harkaitza Cano

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Auzoka eskola aldizkaria »  Auzoka 78 2006/02 »  Elkarrizketa: Harkaitza Cano

Elkarrizketa

“Idaztea denbora enkapsulatzeko modu bat da”
Harkaitz Cano idazlearekin aritu ginen solasean, 30 metro karratuko bere apartamentuan. Idazlearentzat egokiena etxe txikia baita, “horrela ezinezkoa da lanari ihes egitea”.
Harkaitz Cano idazle gaztea, literatura-sorkuntzan goiztiar eta oparoa. Haize berriak ekarri omen dituzu euskal literaturara, eta hainbat modutan definitu izan zaituzte. Zuk zeuk, ordea, nola definituko zenuke zeure burua?

Nik uste, sortzaile bezala definituko nukeela ene burua. Batzuen ustetan, bere burua idazle edonork kontsideratzen du. Horien aburuz, benetako idazleak Proust eta horien antzekoak ziren. Adibidez, Saizarbitoriak, duela bost urte arte, bera ez zela idazle esaten zuen, idazle izatea gauza serioa zela. Nire ustez, hori ez da horrela. Idazle onak eta txarrak daude, baina ezin ezezta dezaket nire bizitzaren zatirik handiena idazten, irakurtzen eta istorioak pentsatzen pasatzen dituen pertsona bat naizenik. Azken finean, sortzaile bat naiz. Idatziko ez banu ere, sortzeko grina hori beti izango nuke. Musika eta marrazkiarekin saiatu nintzen, baina, zoritxarrez, porrot egin nuen. Idaztearekin konformatu naiz.


Lehenik eta behin, zein irudipen duzu ikasi zenuen zentro bereko ikasleek zeure etxean bertan elkarrizketa bat egiten dizutenean?

Zahartu egin naizela (barreak). Duela 15 urte, norbaitek esan izan balit egoera honetan egongo nintzela, ez niokeen sinestuko. Alde horretatik suerte nahikoa izan dudala esango nuke, 18 urterekin ez bainekien idaztetik biziko nintzenik. Hala ere, argi nuen hori zela nahi nuena. Eta ofizio hau edonori gomendatuko nioke.

Nondik datorkizu literatura-zaletasun hori?

Txikitan, familiakoen urtebetetze-egunean, liburuxka antzeko bat oparitzen nien. Bi orrialdekoa izaten zen: alde batean marrazkitxo bat eduki ohi zuen, eta, ondorengoetan, ipuin labur bat. Bestalde, e-txean ere beti bultzatu naute: ipuin asko entzundakoa izan naiz, komiki asko irakurritakoa, liburuz inguratuta bizi izan naiz beti. Horrek ere eragina izan zuen. Idazteko joera hori beti izan nuen.

Zergatik New York? Zergatik Paris?

Zuzenbidea bukatu orduko egin nuen ospa New Yorkera. Bi urte baneramatzan ingurukoei ikasketak bukatu orduko banindoala eta banindoala esanez... Eta nire hitza bete nuen. Nire ustez, hartu izan dudan erabakirik egokiena izan da. Eta Paris... denbora behar nuen niretzako. Egia esan, berdin zitzaidan Parisera edo beste leku batera joan, denbora era egoista batean pasatze hori zen hemendik alde egiteko arrazoi nagusiena.

Atxagaren antzeko bilakaera edo ibilbidea ari zarela trazatzen iruditzen zaigu. Noizko nobela potoloren bat? Noizko Harkaitz Canoren “Obaba” propioa?

Nire asmoa da dena utzi, eta uztailaren lehenean nobela potolo horrekin hastea. Badira sei urte buruan dudala istorio bat, eta sentitzen dut, gogoa dut proiektu horretan urte eta erdi emateko. Pako Aristik zioen moduan, askotan nobela idazlearentzako etxe moduko bat da, eta badaukat gogoa istorio horren barruan bizitzeko.

Zer irakurriko dugu zure hurrengo lanaren azalean?

Nire hurrengo lana ipuin-liburu bat da, azken urteetako ipuinekin, Parisen egin nituenekin... Titulua “Neguko zirkua” da. Ondorengoa, oraindik idazteke daukadan nobela potolo hori izango da. Nobela horri buruz gauza batzuk argi ditut, baina besteak… Bi motatako idazleak daudela uste dut: mapa dutenak, eta iparrorratza dutenak. Lehenengoek badakite zehatz-mehatz zer ibilbide egin, nondik nora joan… Iparrorratza daukatenek, aldiz, planifikazio bat badaukate, baina gero… ea zer topatzen duzun. Ni azken horietakoa naiz.

Zerk elikatzen du poetaren lana? Non dago poesia?

Poesia leku guztietan dago, baina kalean, nagusiki. Niri gustatzen zaidan poesia gauza xumeetan dago. Kontatzeko era egokia, ironia eta umorea dira topatu behar ditugunak. Poema batek zeri heldu eman behar digu, i- rribarre edo zirrara bat sortu, funtzio bat bete...

Gaur egun, zein da literaturaren funtzioa, zure ustetan?

Niretzako, literatura bizitzeko era bat da, denbora enkapsulatzeko era bat, zahartzeko era bat. Oro har, beti esan ohi da literaturak gu aldatzen gaituela eta, beraz, mundua aldatzen duela. Baina seguruenik, hori gezurra da. Hala ere, elkarri kontatzen dizkiogun istoriorik gabeko, musikarik gabeko, arterik gabeko, zinerik gabeko mundu batek ez du ezertarako balio. Gauzarik onenak ezertarako balio ez dutenak dira, baina, aldi berean, ez nuke esango literaturak ezertarako balio ez duenik. Literatura beste mundu bat da. Berez, biziko ez dituzun istorioak bizitzeko era bat da. Gaztetan, aurre hartzeko era bat ere bada, eta, heldua zarenean, memoria lantzeko era bat.

Euskaraz sortzeaz eta idazteaz bizitzea erraza al da?

Sortzeaz bizitzea ez da dioten bezain zaila. Egia da nik neure liburuetatik lortzen dudanak meriendatzeko besterik ez didala balio, baina, hala ere, hortxe daude errezitaldiak, hitzaldiak, enkarguak, gidoiak… Badago non aukeratu.

Eta etzi, zer?

Auskalo… Espero dezagun sortzen jarraituko dudala, eta ahalik eta hobekien. Urteak pasatu ahala, sentsaziorik politena eskuaren eta buruaren arteko distantzia laburtzen doala sentitzea da, gutxiago galtzen dela bidean. Azken finean, zahartzen eta degeneratzen goazen honetan, esperantza bakarra hori da: barruko deabru horren antzekoagoa izatea, egunen batean ondo idaztea.
Eider Cocho, Uxoa Olano





Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza / Testu Normala / Testu Zailagoa / Testu Zailena