Ekologia
|
|
Pinguino Enperadorea
|
Pinguinoak hemezortzi espezietan banatzen dira. Pinguino enperadorea hego buruan bizi da, Antartikan.
Hegaztiak izan arren, ez dakite hegan egiten, baina uretan oso arinak eta bizkorrak dira, gorputza itsasoan bizitzeko egokitua dutelako. Gainera, gihar indartsuak dituzte, eta hegoak hegats bihurtzen zaizkie; era horretan, oso erraz mugitzen dira uretan. Larru azpian koipe-geruza sendoa daukate, eta horrek isolatzen ditu hotzetik. Igeri egitean, pinguinoaren hankek lemarena egiten dute, eta haien hegatsek aurrera egiteko balio dute. Berrehun metrotaraino iristen dira urpean, eta hamabost minutu ere egon daitezke arnasa hartzera irten gabe. Saltoka ibiltzen dira uretatik kanpo. Arrainak eta txibiak janez elikatzen dira.
Jaio berritan, kolore grisa izaten dute, baina, gero, bi koloretako lumak izaten dituzte: zuriak eta beltzak.
Emeek arrautza bakarra jartzen dute, eta arrek berotzen dute. Txitatzeak 65 egun irauten du, eta arrek lumaz estalitako poltsa baten antzekoa daukate sabelean, hanka artean, arrautza bertan babesteko. Bitartean, ez dute ezer jaten, eta mugitu gabe egoten dira, zutik, erdi lo, ezer egin gabe, zero azpiko hirurogei gradutan, haizeteak eta ekaitzak pairatuz, txitatzen ari diren beste pinguinoen ondoan. Txitatzea bukatzen denean, emea itzultzen da, eta arra uretara joaten da, igeri egitera eta jatera.
|
Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza
/ Testu Normala
/ Testu Zailagoa
/ Testu Zailena
|