euskaraz.net
Ekologia: laburrean

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Auzoka eskola aldizkaria »  Auzoka 79 2006/03 »  Ekologia: laburrean

Ekologia

Anfibioei agurra?
Gaur egun, ingurumenaren egoera latzak kalte gehien egiten dion espeziea, anfibioena da. Anfibioak gutxitu izanaren arrazoietako bat klimaren aldaketa izan daitekeela uste dute adituek.

Klima aldaketak ondorio asko ditu; horietako bat lakuen sakontasuna murriztea da. Hori medio, apoen arrautzek erradiazio kantitate handiagoa jasotzen dute, eta mikroorganismoak errazago kutsatzen dituzte.

Azken 30 urte hauetan lurreko tenperatura igo egin da, alde batetik, eta berotze globala, bestetik, zona hotzetara ere zabaldu da eragina eta neguko elurteak murriztu dira. Horregatik, lakuen maila dezente jaitsi da, eta anfibioen bizi baldintzak eskastu dira. Espezie guztiek pairatzen dituzte aldaketak, baina eurengan ez dute eragin berbera.


Natura martxoan
Egunak luzatzen hasiak dira. Arbolek lehen loreak ikusi dituzte, eta haien kimuak lehertzear daude. Baserritarra lurra iraultzen hasi da, eta naturan guztia zoratzen hasten den aroa da. Baina udaberriaren seinalerik bada, kukua da hori; beraren lehen kukuak noiz entzungo izaten gara, bizitzaren oparotasunaren esperoan.

Basoko bazterrak baso-igelez betetzen dira, eta sekulako ikuskizuna eskaintzen dute. Arrak emeak harrapatu nahian dabiltza lehia bizian, eta, aldika, bosten bat ar agertzen dira emearen gainean. Egun batetik bestera, ehunka arrautza ikusteko aukera dago nonahi, eta, egun batzuen buruan, putzuak zapaburuz beteko dira. Baso-igelak bezala, uhandreak, txantxikuak eta beste anfibio batzuk ere buru-belarri dabiltza ugalketa-lanetan. Egun gutxira, sugandilak, muskerrak eta sugeak hasiko dira eguzki epelera ateratzen. Gehienak hiberxnaziotik aterako dira, moteldurik eta erdi lo, baina laster suspertuko dira.

Kanpora joan ziren bezala, zalaparta batean itzuliko dira hegaztiak, umetze-garaia heldu baitzaie dagoeneko. Ikuskizun ederrak eskaintzen dituzte Ondarruk, Mutrikuk, eta, oro har, kostalde osoak. Egunak aurrera joan ahala, miruak, mirotzak eta harrapariak helduko dira. Udaberrian, fronte zabalean mugitzen dira. Enarak dira txori ezagunenetakoak. Arrak kantu bizian mugitzen dira, emeak erakarri nahian; arrak dira lehenak heltzen, eta, emeak azaldu orduko, kantuan hasten dira, eskualde egokia eskuratzearren. Txori batzuek dantzak eta mugimenduak egiten dituzte kantekin batera, haien lur-eremuari eusteko, eta emeak hartara gonbidatzeko.


Zapatak ere birzikla daitezke
Puri-purian dagoen gaia da birziklatzea. Geroz eta produktu gehiago birziklatzen da.

Zapaten zolak birziklatuz, zola berriak sortzen dira. Zola berri horiek zapata estandarraren antzeko elastikotasuna eta erresistentzia dute. Baina nola egiten den hau guztia? Oso erraza da, benetan. Zola zaharren kautxua hartu behar da, eta kautxu berriarekin nahastu, zapata berrien zolak lortzeko. Era horretan, hondakinen arazoari aurre egiteko bidea ireki da. Ez bota zure zapata zaharrak, beraz!

Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza / Testu Normala / Testu Zailagoa / Testu Zailena