euskaraz.net
Sexologoarekin hizketan

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Auzoka eskola aldizkaria »  Auzoka 80 2006/04 »  Sexologoarekin hizketan

Donostia auzoka

“Neskek gero eta gehiago hitz egiten dute sexualitateari buruz”

Rafael Godoy sexologoa da. Duela hamasei urte hasi zen lan horretan, eta, asko daki gaiaren inguruan. Oraindik ere sexuaz hitz egiteko zailtasunak ditugula uste du Godoyk.
Zergatik uste duzu garrantzitsua dela sexu heziketa ematea?

Lehenik eta behin, gizakiaren heziketa integralaren parte delako; beste aldetik, gai horren inguruan dauden hutsune eta akatsak ikusirik, sexu heziketa eskaintzea are eta beharrezkoagoa da.

Zein uste duzu dela gaia lantzen hasteko adin egokiena?

Sexualitatea genitalen sexualitatea baino gehiago da, eta bere baitan hartzen ditu elkarbizitza, afektibitatea, eta abar. Jaiotzen garenetik hasten da sexu heziketa, eta ez daude profesionalak bakarrik inplikatuta, hezitzaileak eta gehienbat gurasoak ere hor daude.

Gaur egun gazteok sexuaren inguruan informazio nahikoa dugu, ala informazio gehiago izan beharko genuke?

Nabaria da gaiaren inguruan gabezia izugarria dagoela; ez bakarrik informazioari dagokionez, baita heldutasunean eta jarreretan ere.

Zeintzuk dira sexualitatearen inguruan gehien errepikatzen diren topikoak?

Asko daude. Topiko gehienek sexualitatearen gehiegizko sinplifikazioa dute ezaugarri, kalean erabiltzen diren ideiekin lotutakoa.

Zein gairi buruz galdetzen da gehien?

Adinaren araberakoa da. Lehen Hezkuntzan, gehienbat gorpuzkerari eta haurdunaldiari buruz galdetzen dute. Bigarren Hezkuntzan, aurrekoaz gainera, hilekoari buruz eta antisorgailuei buruz galdetzen dute.

Ikastaro eta solasaldi asko ematen al dituzu Euskal Herrian eta Espainia inguruan?

Bai. Gehienbat Euskal Herrian, baina baita beste erkidego batzuetan ere: Errioxan, Aragoin…

Gai honi buruz naturaltasunez hitz egitea kostatzen zaigula uste al duzu?

Gero eta gutxiago, baina oraindik ere ikusten dira zailtasunak. Praktika falta handia baita gai honi buruz hitz egiteko orduan.

Sexualitateaz hitz egiteko orduan, zeinek dute erraztasun gehiago, mutilek ala neskek?

Mutilek, normalean, gaiari buruz gehiago hitz egiten dute, gehienbat alderdi genitalei buruz. Neskek gero eta gehiago hitz egiten dute sexualitateari buruz, eta, hitz egiten dutenean, kontu gehiagotan interesatzen dira. Baina, ez dago uste adina erraztasun.

Nora joan beharko genuke gaiari buruz zalantzarik izanez gero?

Onena zuen inguruko pertsonei galdetzea litzateke: gurasoei, irakasleei… eta, zalantzak argitzeko arazorik izanez gero, beste informazio iturri fidagarri batzuetara jo beharko zenukete.

Gurasoekin sexuari buruz hitz egitea garrantzitsua dela uste al duzu?

Komunikazioa da garrantzitsua, oro har. Era horretan, elkar informatzen, ezagutzen eta ulertzen dugu. Gurasoek, hobeto ala okerrago, sexu hezkuntza eskaintzen dute; beraz, sexualitatearen inguruan (eta beste gaietan) komunikazioa ona bada, hezkuntza ere ona izango da. Inoiz ez zaio ikasteari uzten.

Nondik uste duzu jasotzen duela jendeak informazio okerra sexuari buruz?

“Informazioa” iturri klasikoetatik jasotzen da oraindik ere: lagunak, aldizkariak, telebista… Badakigu ideia horiek ez dutela zerikusirik errealitatearekin.

Iruzurti asko al dago sexologo dela esaten duena?

Prestakuntza jakin bat behar du sexologiak. Zoritxarrez, sexualitatearen inguruan dagoen ikuspuntu sinplifikatuegiaren erruz, pertsona batzuek beren burua sexologotzat dute. Pixkanaka, aldatzen ari da, ordea.

Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza / Testu Normala / Testu Zailagoa / Testu Zailena