euskaraz.net
Jose Gaston komikilaria

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Auzoka eskola aldizkaria »  Auzoka 80 2006/04 »  Jose Gaston komikilaria

Donostia auzoka



“Komikiak egiten gozatzen dut”


Hilabetero IPURBELTZ komiki aldizkaria jasotzen dugu, eta, “Naiara” komikia askotan irakurri eta gustukoa genuenez, “Naiara”-ren marrazkilariari elkarrizketa egitea bururatu zitzaigun. José Gastón Majarenas du izena. Ipurbeltz komiki aldizkariaz gain, helduentzako Habekomik-en ere argitaratu izan ditu komikiak.
Noiz eta non jaio zinen?

Donostian (Amara Zaharrean), 1941ko Azaroaren 12an.

Non bizi zara orain?

Intxaurrondon.

Betidanik komikigile lanetan aritu zara?

Hasieran, publizitateko marrazkilari lana egin nuen, baina, duela 30 urtetik hona, komikiak eta ilustrazioak egiten aritu naiz liburu eta aldizkarietan.

Eskolan, marraztea gogokoa zenuen?

Bai, asko! Eskolan nengoenean, marrazteko erraztasuna nuen, eta oso gustukoa nuen marraztea.

Nola ikasi zenuen marrazten?

Asko marraztuta. Geroago, Arte Eskola batean.

Komiki marrazkilariak eta margolari batek zerikusirik al dute?

Bai, margolariek ere marrazten jakin behar dute.

Komikiak marrazteaz gain, bestelako lanik egin duzu?

Bai, publizitatean lan egin dut eta ilustraziogile ere aritu naiz zenbait aldizkari eta eskola liburutan.

Ipurbeltzeko “Naiara” komiki ezagunaz gain, beste pertsonaiarik izan al duzu?

Bai, “Jone eta Jon” , “Ipurbeltz” eta “Aitor”.

Komikiak sortzen gozatzen duzu?

Bai, sortzean, zure pertsonaiekin edozein gauza imajinatzeko edo egiteko askatasun osoa duzulako!

Nola bururatu zitzaizkizun “Flasko” eta “Naiara” pertsonaiak?

Hasieran, neskatila baten pertsonaia egin nahi nuen, eta “Naiara” sortu zen! Baina, denborarekin, “Flasko”, bigarren mailako pertsonaia zena, protagonismo gehiago hartzen joan da, irudimenezko egoerak sortzeko aukera gehiago ematen didalako.

Zertan inspiratzen zara komiki bat egiteko?

Errealitatean edo irudimenezko egoeretan inspiratzen naiz, eta, bakarrik bi orrialdeko komikia denez, istoriotxo labur bat imajinatzen dut bukaera txispagarri edo harrigarri batekin. Behintzat, hori da nire asmoa...!

Komiki bat egiteko, zein prozesu jarraitzen duzu?

Arkatzez biñeta bakoitza marrazten dut, eta egiten noan heinean istoriotxoa sortzen dut; ondoren, zenbait bukaeraren artean hoberena iruditzen zaidana aukeratzen dut. Komikia arkatzez bukatzen dudanean, tinta eran margotzen dut errotulagailuz, eta koloreztatu egiten dut amaieran, anilinekin (kontzentrazio handiko akuarela mota bat da).

Zenbat denbora behar izaten duzu “Naiara”-ren komikia egiteko?

Hiru egun inguru. Hala ere, dokumentazioa bilatu behar badut, denbora gehiago behar izaten dut.

Non egiten dituzu komikiak, etxean ala estudio batean?

Etxean.

Bizi al daiteke komiki marrazkilari lanaz?

Bai, asko argitaratzen dutenak eta mundu osoan ezagun direnak horretatik bizi dira.

Txikitan zein komiki gustatzen zitzaizkizun ?

Txikitan, Caracasen (Venezuela) bizi izan nintzen, eta han “Dick Tracy”, “La Pequeña Lulú”, “El Hombre Enmascarado”... asko gustatzen zitzaizkidan.

Eta orain?

“Moebius” komikilariaren komikiak eta zientzia-fikziozko beste batzuk.

Ibañezek ondo marrazten duela iruditzen zaizu?

Bai, umorezko komiki estiloan ona da.

Zein zaletasun dituzu?

Irakurtzea, musika entzutea, bideo-jokoak eta zinema.
Katalina Erauso Ikastetxeko 6. mailako ikasleak

Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza / Testu Normala / Testu Zailagoa / Testu Zailena