euskaraz.net
Teknologia berriak

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Auzoka eskola aldizkaria »  Auzoka 80 2006/04 »  Teknologia berriak

Teknologia berriak

Fitxategiak legez kanpo jaisteagatik isunak jarriko dituzte Frantzian
Frantzian, fitxategi digitalak (musika eta pelikulak) legez kanpo jaisten dituzten internautei 38 euroko isuna jarriko diete erabilera pribaturako egiten badute, eta 150 eurorainoko isunak beste internauta batzuekin partekatzeko egiten badute, Parlamentuak orain dela gutxi onartu zuen lege baten arabera.

Frantziak maila desberdineko zigor-sistema ezartzea erabaki du. Hasieran isunak txikiak izango dira, baina musika doan jaitsi nahi duten lagunak konbentzitzeko adinakoak.

Horrez gain, diskoen eta pelikulen babes-sistemak legez kanpo dekodetzen dituzten piratentzat, 3.750 euroko isunak aurreikusten ditu legeak. Babes-sistema horiek baliogabetzeko programak beste pertsona batzuen esku uzten dituztenei 30.000 euroko isuna eta sei hilabeteko kartzela zigorra ezarriko dizkiete.

Zigorrik handienak (300.000 euro eta hiru urteko kartzela zigorra) jarriko dizkiete artxibategiak partekatzeko sistemak banatzen dituztenei eta kopiatutako lanak legez kanpo saltzen dituztenei.

Internautek musika lege barruan saltzen duten atarietara jotzea du helburu lege honek.


Nikonek kamera analogikoak fabrikatzeari utziko dio
Nikon argazkigintza-produktuen konpainiak kamera analogikoak fabrikatzeari utziko dio, eta tresna digitalen alorra hartuko du ardatz, merkatu hori izaten ari den hazkunde handia asetzeko asmoarekin, enpresak berak jakinarazi duenez.

Hala ere, konpainiak uda arte jarraituko du xehekako saltzaileei produktuak banatzen, eta, argazkigintzako profesionalen omenez, kamera analogikoen artean sonarik handiena duen F6 modeloa ekoizten jarraituko du, baita analogikoek zein digitalek erabil ditzaketen zenbait objektibo ere.

Gaur egun, produktu digitalak konpainiaren negozio osoaren % 95etik gora dira, eta hori izan da erabakia hartzeko arrazoi nagusia. Merkatua oso lehiakorra den arren, Nikonen etekin garbia %20 hazi zen irailean amaitu zen ikasturte fiskalaren lehen seihilekoan.

Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza / Testu Normala / Testu Zailagoa / Testu Zailena