euskaraz.net
Lengokoak futbol taldea

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Auzoka eskola aldizkaria »  Auzoka 80 2006/04 »  Lengokoak futbol taldea

Kirolak

Lengokoak, futbola baino gehiago
Garai batean, Lengokoak taldearen zelaia harri txintxarrezkoa zen, eta kalitate txarrekoa. Aldagelak oso txikiak ziren, eta asko zikintzen ziren. Horrez gain, zelaiaren kanpoaldeko marrak ez ziren ondo bereizten, eta ateak ia-ia erortzekotan ziren. Gainera, aparkalekua mendian zegoen. Horiek horrela, urri hasieran, futbol zelaiaren obrak bukatu zituzten, eta, horren ondorioz, egoera asko hobetu da.
Gaur egun, Gipuzkoako zelai onenen artean dago Jasone-baso. Han, Lengokoak futbol taldeaz gain, beste talde batzuek ere jokatzen dute: Intxaurdik, Beriok, entrenatzaileen taldeak… Azken horiek entrenatzaile titulua lortzeko ikasten dute.

Zelai ondoko aldagelak handiak eta txukunak dira. Jasonebason taberna bat dago, eta Pepinek (tabernaren arduradunak) pintxoak, bokatak, edariak eta gozokiak saltzen ditu.

Horrez gain, gela gehiago daude zelaian: botikina, bulegoa, eta biltegiak. Botikinean, errekuperazio gela dago. Han, Imanolek (Lengokoak taldeko fisioterapeuta) artatzen zaitu, edo lesioak aztertzen dizkizu. Denboraldi honetan, gela hori handitu egin dute, eta ultrasoinuak jarri dituzte. Biltegietan, berriz, batzuetan tabernako gauzak gordetzen dira, eta, beste batzuetan, futbolarekin zerikusia dutenak: baloiak, petoak, txinoak… Gainera, Lengokoak taldeak elkartea du, eta Amara auzoan dago, Anoeta parean. Garai batean, taldeak Deportes Elizondo izena zuen; baina, ondoren, jokalariek erabaki zuten taldeari izena aldatzea eta elkarte berria sortzea. Baimena eskuratuta, haiek hartu zuten elkartearen zuzendaritzaren ardura. Erabaki hori 1963ko maiatzaren 23an plazaratu zen ‘El Diario Vasco’ egunkarian. Talde berri horri buruzko lehen berria 1964ko apirilekoa da, Lengokoak eta Añorgaren arteko partidaren emaitza agertzen zuena. Emaitza? Lengokoak 2- Añorga 0.

Lengokoak taldetik 1. mailako futbol jokalari asko atera dira, eta batzuk oso famatuak izan dira: Pedro Maria Artola (Real Sociedad eta Bartzelona taldeetako atezaina), Jose Antonio “Pela” Arzak (Real Sociedad), Rafael De Diego (Real Madril) eta abar. Dena dela, Lengokoak taldetik atera den jokalari ospetsuena Luis Miguel Arkonada izan da. Arkonada Realeko atezaina izan zen, eta titulu mordoa irabazi zituen.

Garai haietatik gaur egunera arte, denbora asko joan da eta Lengokoak taldeak zenbait titulu eta sari irabazi ditu. Hauexek dira horietako batzuk: 1999ko urriaren 31n Holland Cup gazteen mailan; 2000ko urriaren 19an Italiako Cup txapelketa eta 2000ko urriaren 24an haur txikiak Holland Cup sarian nagusitu ziren.

Horrekin guztiarekin, esan genezake Lengokoak ez dela futbol talde hutsa soil-soilik, futbol elkarte handi eta garrantzitsu bat baizik.

Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza / Testu Normala / Testu Zailagoa / Testu Zailena