euskaraz.net
Ipuina: Animalien desfilea

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Auzoka eskola aldizkaria »  Auzoka 80 2006/04 »  Ipuina: Animalien desfilea

Ikasleak idazle

Animalien desfilea
Bazen behin basamortu bat. Han, animalia ugari bizi zen.

Bero izugarria egiten zuen, jasanezina, eta lehoiaren familia leku fresko baten bila zebilen, atseden hartzeko asmoz. Lehoikumeak nekatuta zeuden, ezin zuten aurrera jarraitu. Halako batean, lehoi emeak oihukatu egin zuen:

- Zuhaitz bat! Zuhaitz bat! Lasai, umetxoak; iritsi da atseden hartzeko ordua.

Hantxe itxaron zuten, lasai-lasai, beroa pixka bat pasa arte.

Patxada ederrean etzanda zeudela, lehoikume bati festa bat antolatzea bururatu zitzaion, eta hauxe esan zien senidei:

- Zergatik ez dugu desfile bat antolatzen?

- Oso ondo, ideia ona da –erantzun zuten besteek.

- Bihar herriko biztanle guztiak gonbidatuko ditugu festara, ados?

- Noski.

- Hoberen mozorrotzen dena saritu egingo dugu, eta 1.000 kilo okel izango da oparia.

- Uste dut aukera hau ez dutela galduko.

Lehoi arrak, hori entzun zuenean, pentsatu zuen: “hauxe da txuletak lortzeko nik daukadan aukera bakarra ”.

Hurrengo egunean, herriko plazan bildu zituzten basamortuko animaliak. Bertan bilduta zeudela, lehoi arrak hitz egin zuen:

-Datorren asteartean festa bat antolatuko dugu herrian. Gaueko hamarretan hasiko da, eta nahi bezala etor zaitezkete jantzita. Hoberen mozorrotzen denak sari aparta irabaziko du: 1.000 kilo okel.

Ideia txalotu zuten. Hori entzun ondoren, bakoitza bere etxera joan zen, eta egun hartarako jantzia nola egin pentsatzen hasi ziren guztiak.

Eguna iritsi zen, eta, pixkanaka-pixkanaka, esandako tokian moda-modako jantziekin azaldu ziren.

Lirain (gepardoa) sorginez, Kimu (tximua) pirataz, Lepa (jirafa) Supermanez, eta abar.

Handik gutxira hara non azaltzen den Marradun (zebra), soineko dotore batekin, eskualdeko jostunik ospetsuenak josita.

- Gabon, jaun-andreok, emanaldia hastera doa, “Kukurruxu” desfilea –oihukatu zuen lehoikume antolatzaileak.

Banan-banan, han pasatu ziren partehartzaileak, harro-harro, epaimahaiaren aurretik.

Ez zen erraza izan irabazlea aukeratzea.

Lehoiak ezin zuen sinetsi begi-bistan zuena, eta behin eta berriro errepikatzen zuen:

-Nire okel maitea!

Irabazlea Marradun (zebra) izan zen.

Denek festan ederki gozatu ondoren, alai eta zoriontsu joan ziren etxera.
4.maila ikasbide

Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza / Testu Normala / Testu Zailagoa / Testu Zailena