euskaraz.net
Musika

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Auzoka eskola aldizkaria »  Auzoka 80 2006/04 »  Musika

Entzundakoak

“Zebra” Anari

“Habiak” bikainaren ondoren, bost urtez eduki gaitu Anarik bere disko berriaren zain. Eta merezi izan du itxaroteak! Egia esan, bilakaera nabari da Anariren kantatzeko moduan eta abestietan. Aurreko bi diskoetan bezalaxe, bihotz barruraino heldu zaigu azkoitiarra oraingoan ere. Euskal Herrian musikari gutxik du halako hitz eta melodiak josteko ahalmena; gutxiago dira intentsitate biluzi hori transmititzeko gai. Hamarreko sorta eder honen barruan, zail da abestiren bat narbarmentzea, baina “Aingura hegodunak”, “Zebra” eta “(H)egoak” gustatu zaizkit, bereziki. Bestalde, erne izan belarriak, Inoren Ero Ni taldeko Borja gitarra jotzailearen moldaketak ezin ederragoak dira eta. Ezinbestekoa.
“Negu Gorriak 1990-2001”
Negu gorriak

Otsailean, bost urte beteko dira Negu Gorriak-ek Galindo auzia irabazi, eta garaipen hura ospatzeko, taldeak azken kontzertuak eman zituenetik. Orain, distantziatik ikusita, testigantzaren zapore berezia hartzen du Negu Gorriak-en historia jasotzen duen dvd honek. Hamaika urtetan egindako lana, eta pasarte ahaztezin asko ikus daitezke bilduma honetan: Herrera de la Manchako kartzelaren eta Donostiako Justizia Jauregiaren aurrean emandako kontzertuak, Hitz Egin jaialdia, “Borreroak baditu milaka aurpegi” bideokliparen grabazio egunak… gauza hunkigarri gehiegi, hemen guztiak laburbiltzeko. Negu, zuena da garaipena!


“Metamorfosis. Basicamente lento” Doctor deseo

Datorren urtean, 20 urte beteko dira Doctor Deseo taldea sortu zenetik, eta Francis eta bere mutilak, “La chica del batzoki” bezalako kantekin zirikatzen hasi zitzaizkigunetik. Cd/dvd honek primeran laburbiltzen du taldearen lana, baina, azkenaldi honetan sarri gertatzen den bezala, dvd-ak dakartza berrikuntzarik azpimarragarrienak. Dvd-an, Doctor Deseok iazko urtarrilaren 18an Bilboko Arriaga antzokian emandako kontzertua ikus daiteke, eta baita, Antzerkiola Imaginarioak, emanaldirako prestatutako saio berezia ere. Zuzeneko sentsualak dira Doctor Deseoren metamorfosi saiorik harrigarrienak, eta Arriagakoa ere halaxe da. Lasai-lasai dastatzekoa.
“Hertzainak 91-01-19” Hertzainak

Nola aldatzen diren gauzak kamarada! Hamabost urte joan dira jada Hertzainak taldeak dvd honetan jasotako kontzertua eman zuenetik, baina bertan bildutako abestiak, fresko mantentzen dira oraindik. Horrelakoetan esan ohi duguna errepikatuko dugu: alegia, dvd hau opari polita dela, bai bere garaian taldearekin dantza egindakoarentzat, baita 80ko hamarkada bizi ez zuen gaztearentzat ere. Gasteizko taldearen pieza klasiko guztiak bildu dira hemen, nahiz eta Gari kantariak, behin baino gehiagotan esperimentu txikiak egiten dituen ahotsarekin abesti horietan. Hala ere, baina batzuk jar dakizkioke dvd-ari: izan ere, soinua hobea izan zitekeen –tarteka, gitarra gutxiegi entzuten da-, eta ez dago taldearen historia bere osotasunean aztertzen duen bestelako estrarik.

Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza / Testu Normala / Testu Zailagoa / Testu Zailena