euskaraz.net
Inkesta: Gaua gustatzen?

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Auzoka eskola aldizkaria »  Auzoka 81 2006/06 »  Inkesta: Gaua gustatzen?

Iritzi-miritziak

Gustatzen al zaizu gaua dibertitzeko?
Hau bai gai eztabaidatsua. Guk, gazteok, gauean atera egin nahi izaten dugu, eta gurasoek oztopoak jartzen dizkigute: “oso gaztea zara”, “arriskutsua da”... Azken finean, helduen jarrerak eta ohiturak kopiatu besterik ez ditugu egiten. Haiek esaten digute, ez hitzez, baizik eta ekintzen bidez, zer egin behar dugun. Eta, gaur egun, dibertitzeko modurik egokiena gauez ateratzea dela erakusten digute. Helduek aisiaz gozatzeko beste modu batzuk izango balituzte, guk horiek kopiatuko genituzke. Zergatik galarazten digute guri, beraiek egiten dutena? Eztabaidagai bakarra hauxe litzateke: ateratzeko zein adin behar den. Besterik ez.


Leire Garde
DBHko 1. maila

Gauez ateratzea gustatzen zait, baina ez naiz asko ateratzen, gurasoek ez didatelako uzten. Hamalau urte betetzeko irrikatan nago. Orduan aterako naiz gauez. Oso dibertigarria izango dela uste dut. Momentuz, herriko festetan bakarrik ateratzen naiz.
Maider Juaristi
DBHko 1. maila

Ondo pasatzeko ez da beharrezkoa gauez ateratzea. Hondartzara, mendira, edozein lekutara joanda, gauez aterata baino askoz hobeto pasatu daitekeela uste dut. Gurasoek ateratzen uzten ez badizute, ez da plan txarra etxean geratzea, pelikula on bat ikusten.


Amaia Márquez
DBHko 1. maila

Ni gauez ez naiz ateratzen, goizez eta arratsaldez bakarrik. Baina esaten dutenez, jendeak gauetan asko edaten du, mozkortu egiten dira, eta gauza txarrak egiten dituzte. Gero eta gazte gehiago ateratzen dira gauez, eta goizaldean ailegatzen dira etxera. Nire ustez, badaude ondo pasatzeko beste era batzuk, lagunekin ibiltzea edo igerilekura joatea, esate baterako.
Sandra Rojo
DBHko 1. maila

Niri oso gutxi gustatzen zait. Udan, nire herrian egon nintzenean, berandu arte geratzen nintzen kalean lagunekin jolasten, eta hurrengo egunean oso nekatuta egoten nintzen, oso lo gutxi egiten nuelako. Orain, ikasturtean zehar, ez naiz ateratzen, jendea mozkortu egiten delako, eta hori niri ez zait gustatzen.


Cristina Beorlegui
DBHko 1. maila

Niri gustatuko litzaidake ateratzea, gazteek oso ondo pasatzen dutelako gauez. Ia neska eta mutil guztiak tabernetan ibiltzen dira dantzan, abesten, zerbait ospatzen edo edaten. Orain jendea gero eta lehenago ateratzen da, eta oso berandu bueltatzen da etxera.
Ilargi Osuna
DBHko 1. maila

Niri gustatzen zait ateratzea, baina gauez ez naiz ateratzen. Uste dut arriskutsua dela, neska-mutil asko mozkortuta egoten direlako. Gauean denetik ikusten da, eta hori niri ez zait gustatzen. Egia esan, nori ez zaio gustatzen pixka bat dibertitzea? Edo lagunekin kopa batzuk hartzera joatea?


Mikel Zubillaga
DBHko 1. maila

Niri gustatuko litzaidake gauez ateratzea, baina gurasoek ez didate uzten, oso gaztea naizelako. Gauetan jende asko mozkortzen da. Hori oso arriskutsua da, eta zer esanik ez autoa gidatu behar baduzu.
Eider Martín
DBHko 1. maila

Oraindik ez naiz ateratzen, baina gustatuko litzaidake. Neska-mutilak 14 edo 15 urterekin ateratzea ulertu ez arren, ondo ikusten dut. Honetan guztian kezkagarriena zenbaitek harrapatzen duten mozkorra da, eta horri gurasoen arduragabekeria gehitu behar zaio. Badaude ondo pasatzeko beste modu batzuk; lagunekin buelta bat ematea, adibidez.

Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza / Testu Normala / Testu Zailagoa / Testu Zailena