euskaraz.net
Intsektuak

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Auzoka eskola aldizkaria »  Auzoka 81 2006/06 »  Intsektuak

Ekologia

Intsektuak, basoko berriemaileak
Intsektuak dira gure basoetan bizi diren animaliatako batzuk. Bakoitzak bere bizilekua bilatzen du zuhaitz artean, baina baso-ustiaketa dela eta, geroz eta zailago dute.
Basoek eginkizun onuragarri ugari betetzen dituzte: aniztasun biologikoa zaindu, egurra eta basoko produktuak eman, higadura eragotzi, ziklo hidrologikoa erregulatu, karbonoa atxiki, klima-aldaketa motelarazi, eta guk guztiok gozatzeko moduko lekuak eskaintzen dituzte. Gainera, basoak gure gizartearen kultur paisaiaren zati garrantzitsua dira, eta, beraz, babestu beharreko ondarea.

Bestalde, betidanik izan dira diru-bide garrantzitsua, hala nola, erregaiak, eraikuntzarako materialak, eta lanabesak eta basoko zenbait produktu (fruitu eta onddo) lortzeko. Egungo basoak orain arteko populazioaren ekoizpen- eta kontsumo-ohituren ondorio dira, eta, helburu bakarra ahalik eta etekin ekonomiko handiena lortzea izan denez, ekosistemen aberastasuna asko murrizten ari da.

Basoen egiturak itzelezko garrantzia dauka bere baitan bizi diren bizidunentzat, eremu horretan aurkitu behar izaten baitute beren bizilekua. Zuhaitzei dagokienez, helduago diren heinean txoko ekologiko gehiago eskaintzen dituzte: zuloak, azalaren tolesak... Adin eta garapen-maila guztietako zuhaitzak daudenean, ekosistema ondo egituratua dagoela esaten da, eta ihartutako egur nahikoa dagoenean. Horrenbestez, modu batera edo bestera, animalia asko bizi dira ihartutako egurraren menpe. Horien artean ugarienak intsektu saproxilikoak dira; kakalardoak eta euliak, batez ere.

Betidanik, ugaztunen gisako animaliak erabili izan dira bioindikatzaile modura, haien “gertutasunagatik”, baina azken urteotan, ornogabeekin, batez ere intsektuekin, lan-ildo berriak sustatzen ari dira. Horiek, gainera, abantaila ugari dituzte ornodunen aldean. Gehienbat, ugariagoak direlako. Eta bestetik, errazagoa da populazioaren egoera isla dezaketen laginak jasotzea.

Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza / Testu Normala / Testu Zailagoa / Testu Zailena