euskaraz.net
Musika

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Auzoka eskola aldizkaria »  Auzoka 81 2006/06 »  Musika

Ikusitakoak

oso ona ona balekoa txarra

Su ta gar

Jainko hilen uhartean

Futbol munduko metafora bat har dezakegu, Su ta Gar talde eibartarraren kasua aztertzeko. Hogei urte baino gehiago joan dira Su ta Gar-ekoak musikan hasi zirela, baina oraindik ere, oso sasoi onean daude. Disko berri hau kaleratzeko, Jo ta Ke izeneko zigilua sortu dute eibartarrek, eta benetan bortitza da emaitza: indartsua, zorrotza. “Uniformeen pasarelak” izeneko lehen kantutik “Etsairik ausartena” abestira heldu arte, bonbardaketa baten gisa hasten da diskoa. Tartean da “Itxaropen hitza” bikaina, Juanma Bajo Ulloak bideoklip bihurtutakoa –bideoklip hori ere badakar diskoak-. Ondoren datoz “Hesian” -diskoko kantu onenetako bat- eta “Norabide bakarreko maitasuna” samurragoa. Disko biribila.

JC Perez

Hiriko istorioak

Juan Carlos Perez aipatzea, ez da edozein musikari aipatzea. Euskal musikan, eta zehatzago esanda, euskal pop-rockean, funtsezko gizona da Juan Carlos Perez. Horrexegatik, gozamen hutsa da Perezen disko berriekin topo egitea. Gozamena da, Itoiz taldeko liderra zenak kanta ederrak konposatzen jarraitzen duelako. Gozamena da, abesti eder horiek ez direlako soilik kanta ederrak, estilo jakin bateko –J C Perez estiloko- kanta ederrak baizik. Gozamena da, JC Perez estiloan, moldaketak eta apaindurak oso zainduta daudelako beti. “Hiriko istorioak” disko honetan, abesti bakoitza abentura moduko bat da, eta diskoaren izenburuak aurreratzen digun bezala, abesti bakoitzak istorio bat kontatzen du. Bai: betiko Juan Carlos Perez da, baina beti bezain ona.



Lendakaris Muertos

Se habla español

Ironia da Lendakaris Muertos musika talde nafarraren armarik onena, eta ironia hori, kupidarik gabe erabiltzen dute kantuen hitzetan. Adibidez, hara zer dioten disko honi izenburua ematen dion “Se habla español” abestian: se habla español en Euskal Herria/se habla español, más que en Andalucia/se habla español en Euskal Herria/habla más el vascuence hasta la policia. Antzeko leloak barra-barra daude diskoan, kontzertuetan besoa altxatuta kantatzekoak. Bai: punk taldea da Lendakaris Muertos, eta punk izaten hori, abestien iraupenean antzematen da. Hamasei abesti ditu diskoak, eta kantu bakoitzak, batez beste, minutu eta erdi irauten du. Lendakari ironiko hauek ez dira ezer berririk asmatzen ari, baina egiten duten hori, ondo egiten dute. Eta hori nahikoa da.

Kriston

Ni-Zu-Gu

Bermeokoak dira Kriston, eta orain dela gutxi, “Ni-Zu-Gu” izeneko disko hau kaleratu dute Muxik zigilu jaioberriarekin. Extremaduro taldeko Robert Iniesta dago Muxik zigilu berriaren atzean, eta hori dela eta, iruditzen zaigu urrezko aukera sortu zaiela Kriston-ekoei musika munduan gora egiteko. Disko honetako hamar abestiak entzun ondoren, argi ikusten da Kriston-ekoek oso maila ona dutela: gitarra riff bikain asko dago disko honetan, eta baita kantatzen dakien abeslari bat ere. Rock´n´roll usaineko “Amets” kantuaren ondoren, heavya eta poparen artean mugitzen diren abestiak datoz. Gatibu taldeko Alex Sardui dago disko honetako kolaboratzaileen artean, eta horrek asko esaten du Kristoni buruz. Kantu itsaskorrak eta indarra. Horixe da Kriston.


Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza / Testu Normala / Testu Zailagoa / Testu Zailena