euskaraz.net
Haur txokoa

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Auzoka eskola aldizkaria »  Auzoka 82 2006/11 »  Haur txokoa

Donostia auzoka

Antxeta, egiako haur txokoa

Diru falta dela eta, egoera larrian dago gaur egun.
1983an, zortzi gaztek haurren aisialdirako elkartea sortu zuten, eta Antxeta Atsedenaldi Elkartea izena eman zioten.

Hasieran, urte batzuez, frantziskotarren parrokiako lokal bat erabili zuten, eta, ondoren, utzi egin zuten, inolako ideologiaren menpe ez egoteko.

Hala, Aitor Ikastolakoek areto bat utzi zieten Ametzagaņa kalean, eta, 1989an, gurasoen laguntzarekin batera egindako presioaren ondoren, Udalak Atotxako Dorreko egungo lokala uztea lortu zuten. Gipuzkoako lehen haur txokoa bihurtu zen.

Begirale izateko baldintzetako bat euskalduna izatea zen, eta ez zekienak ikasteko konpromiso hartu behar zuen.

Ekintza ugari
Antxetaren helburua hauxe da: hamabi urteko neska-mutilei aisialdirako alternatiba bat eskaintzea.

Ludotekak aukera paregabea eskaintzen du, bai adin bakoitzera egokitutako jostailu eta jolasekin ongi pasatzeko, baita jolas libreak egiteko ere.

Liburutegiaren helburua liburuen mundua haurrengana hurbiltzea da. Kultur etxea zabaldu zen arte, Egiako haur liburutegi bakarra zen Antxetakoa. Tailerrak ere antolatzen dituzte.

Bestalde, hamabost eguneko kanpamentuak antolatzen dituzte; kanpamentu horiek, haurrentzako oporraldiak izateaz gain, esperientzia berriak bizitzeko abagune ere badira. Hamabost egun horietan, naturarekiko errespetua lantzen da. Gainera, Antxetak urtean zehar auzoan izaten diren jaietan ere parte hartzen du.

Egoera larrian
Momentu honetan, egoera larrian dago Antxeta; ixteko zorian egon daiteke, eta, horrela bada, haur txokorik gabe geldituko gara egiatarrok. Antxetako arduradunek diru gutxi jasotzen dutela diote, 30.000 euro ematen dizkiete gutxi gorabehera. Hasieran moldatzen ziren, baina orain ez. Urriaren 2an hasi zen 2006-2007 ikasturtea, eta diru arazoak direla eta, abendura bitartean, asteazkenetan ez dute haur txokoa zabalduko. Laster aztertuko dute, urtarriletik aurrera zer egin. Dena den, ez dakite aurrera jarraitu ahal izango duten.

Diru gabeziaren ondorioz, Antxetakoek ezin dute lokala konpontzeko lanik egin, eta langileen egoera ere ez da ona. Gainera, haur txokoak ateak ixteak, auzoko beste zerbitzu batean ere eragina izango luke: gazte lekuan.

Hori guztia gutxi balitz, Egiako haurrek kuota ordaindu behar dute, eta hori ez da bidezkoa, beste auzoetakoek ordaintzen ez dutela kontuan hartzen badugu. Ondorioz, Antxetakoek gurasoekin eta auzotarrekin elkartu nahi dute, guztion artean, Udalari Antxeta bere gain har dezan eskatzeko. Gazteria Sailak, berriz, Antxeta publiko bihurtzea aztertzen ari dela adierazi du. Kultur etxea handitu eta, haren barruan, Gazte lekuarekin batera, Haur Txokoa jartzea da mahai gainean duten aukeretako bat.

Udalak ez du oraindik erabakirik hartu. Bitartean, denborak aurrera darrai: kontua da, azken finean, auzoko haurrak liratekeela galtzaile nagusiak. Denon esku dago Antxeta aurrera ateratzea!!!

Aitor ikastola