euskaraz.net
Donostiako lasterketak

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Auzoka eskola aldizkaria »  Auzoka 82 2006/11 »  Donostiako lasterketak

Erreportajea

Donostiako lasterketa nagusiak
Behobia-Donostia da arrakasta gehien duen lasterketa
Donostiak lotura handia du kirolarekin, eta lasterketa herrikoiek arrakasta handia dute. Azken urte hauetan, gainera, gure hiria ospetsuagoa egin da kirol proba hauei esker.


Lau dira Donostiako lasterketa ospetsuenak: “Hiru Hondartzak”, Klasika (oin-lasterketa), Behobia-Donostia eta Maratoia. “Hiru Hondartzak” izeneko lasterketa 10 kilometrokoa da (urriaren hasieran); Klasika 15 km luze da (urriaren erdialdean); Behobia-Donostia 20 km-koa da (azaroaren hasieran), eta, azkenik, Maratoia dago, 42 km-koa.

Hiru hondartzak

Aurtengoa 17. edizioa izan da, eta 1.710 parte-hartzaile bildu ditu. Iaz baino %10 gehiago izan dira, eta errekorra ezarri dute, parte-hartzaile kopuruari dagokionez.

Gizonezkoetan, Evanson Ndungu (30 min eta 43 segundu) iritsi zen lehenengo postuan, eta Kamel Ziani bigarren izan zen. Biak elkarrekin joan ziren bederatzigarren kilometrora arte, baina, hortik aurrera, afrikarrak aurrea hartu zuen. Emakumezkoen sailean, berriz, Raquel Llamas (35 minutu eta 55 segundu) izan zen lehena, Cristina Petite bigarrena, eta Ana Casares heldu zen hirugarren (38 min 42 s).

Lasterketa hau nahiko herrikoia da, eta gero eta arrakasta handiagoa du. Gainera, punta-puntako kanpotarrak etortzeak ospe handiagoa eman dio. Aurten, historiako 2. markarik onena duen Zersenay Tadessek parte hartu du.

Klasika

Ez gara bizikletaz ari, oin-lasterketaz, baizik, baina ezagunagoa da Klasika izenez. Aurtengoa 10. edizioa izan da, eta 1.512 korrikalarik parte hartu dute. Lasterketa honek, aurten ez du parte-hartzaileen errekorra gainditu, korrikalari gehien izan zirenean baino 78 lagun gutxiago izan baitziren. Hala ere, kopuru horretatik gertu ibili ziren.

Aurtengo irabazlea Israel García izan zen (98 min 28 s). Hamasei segundo beranduago iritsi zen Richar Fernández. Biak aurrean ibili ziren; eta 7,5 kilometroan, berrogei segundoko aldea aterata zuten. Helmugarako 3.000 metro falta zirela, Israel Garcíak abiadura bizkortu zuen, eta Richar atzean geratu zen. Iker Oliveri iritsi zen hirugarren.

Nesketan, Iratxe Aranburu (54 min 50 s) izan zen txapeldun. Lasterketa guztia Asier Zarragarekin batera egin zuen, eta horrek erritmo ona mantentzen lagundu zion. Josune Terrero izan zen bigarren, eta Maria Iturrioz hirugarren.

Azkenik, aipatzekoa da lasterketa hauetan elbarriek egiten duten ahalegina. Elbarriak bikain prestatuta etortzen dira, eta gogo biziz jarduten dira. Ez dute meritu makala! Sail honetan, Iñaki Casteñada izan zen irabazle, aurreko urtean bezalaxe.

Behobia-donostia

Laster egingo da Behobia-Donostia lasterketaren 42. edizioa. Orain arte, parte-hartzaileen errekorra 12.000koa izan da. Bi kategoria nagusi daude: gizonak eta emakumeak. Gizonen eta emakumeen artean, berriz, azpikategoria hauek daude: juniorrak, promesak, seniorrak, beteranoak 1, beteranoak 2, itsuak eta elbarriak.

Lasterketa honek 20 km-ko ibilbidea du, eta leku hauetatik igarotzen da: Behobia (irteera), Irun, N1 errepidea, Gaintxurizketa gaina, Lezo, Pasaiako portua, Trintxerpe eta Donostia (helmuga).

Lasterketa honek du arrakasta gehien Donostian, eta urtez urte, ospe handiagoa hartzen ari da. Jendeak oso gogoko du lasterketa hau, eta ongi prestatuta etortzen da.

Lasterketa honetan lau dortsal mota erabiltzen dira: horiak, berdeak, gorriak eta zuriak. Kolore bakoitzak bere esanahia du, eta korrikalariek hoberena lortu nahi izaten dute. Iaz, ibilbidea Ordubete eta 10 minutu baino lehen egin zuten gizonezkoek, eta ordubete eta 20 minutu baino lehen egin zuten emakumezkoek, dortsal horia eraman zuten; Ordubete eta 20 minutu (gizonezkoek) eta ordubete 30 minutu (emakumezkoek) baino lehen egin zutenek berdea; ordubete eta 33 minutu (gizonezkoek) eta ordubete eta 43 minutu (emakumezkoek) baino lehen egin zutenek, gorria; eta beste guztiek, berriz, dortsal zuria janzten dute. Korrikalariak denbora horien arabera kokatzen dira irteeran.
Maratoiak prestakuntza handia eskatzen du
Maratoia

Maratoia da lasterketarik luzeena (42 km). Maratoiak bi buelta pasatxo ematen dizkio Donostiari. Anoetan hasi, Gros zeharkatu, Donostiako hondartza guztiak igaro, Antiguara iritsi eta, berriz ere, San Martin kaletik, Anoetara bueltatzen dira. Gutxi gorabehera, hori da maratoiaren ibilbidea, baina beti ez da berdin-berdina izaten.

Lasterketa honetarako prestaketa handia behar da, eta, horregatik, aurrez aipaturiko beste lasterketetan baino parte-hartzaile gutxiago izaten dira.

Hala ere, Donostian beste hainbat lasterketa ere egiten da; maratoi erdia eta San Silbestre, besteak beste. Hemen azaldu ditugun lasterketak dira, ordea, nagusienak.

Irati Gomez, Iker Ruzo, Jon Barros, Idoia Aduriz, Ibon Arribas (Herri Ametsa Ikastola)


Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza / Testu Normala / Testu Zailagoa / Testu Zailena