euskaraz.net
Wazemank: Egoitz Lasa

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Auzoka eskola aldizkaria »  Auzoka 83 2006/12 »  Wazemank: Egoitz Lasa

Donostia auzoka

Egoitz Lasa

“Eszenak grabatzen ikaragarri ongi pasatzen dugu”
Joan den azaroaren 8an, Astigarragako Arantzazuko Ama ikastolan izan zen “Wazemank” telesaioko Egoitz Lasa, Santi izenez ezagunagoa. 30 urteko aktorea, oinetakoetan 46 zenbakia erabiltzen duena, irribarretsu azaldu zen 6. mailako ikasleon gonbidapenari muzin egin gabe.
Egoitzek gustura erantzun zien prestatuta genituen galderei, eta hona hemen atera ditugun ondorioak. 2004ko apirilean sorturiko ideia baten ondorioz jaio zen “Wazemank” telesaioa. Garai hartan, seguru zeuden proiektuak merezi zuela, eta gaur egun, zer esanik ez.

Lan-taldea arduratzen da sketchak asmatzeaz. Buruz ikasi beharreko elkarrizketak azken unean jasotzen dituzte, eta ondorioz, presaka ikasi beharra izaten dute. Dena den, telebistako eguneroko martxa halakoa denez, ohituta daude. 8 edo 10 pertsona aritzen dira grabaketetan, eta sketch bakoitza bi ordutan grabatzen dute, normalean estudioan. Hala ere, herriz herri ere ibiltzen dira grabatzen, eszena jakin baterako halakorik behar izanez gero.

Artistaren bizimoduari dagokionez, Egoitz Lasa 18 urterekin hasi zen antzerkigintzan, baina 30 urterekin egin da ospetsu. Antzerkigintzan gustura aritzen da, entzulea bertatik bertara izaten baitu. Telebista mundua beste zerbait da, noski.

Lanetik kanpo ezagutu egiten dute, eta ezin izaten du lasai ibili. Horrelakoetan, ospearen zama gainean eraman behar izaten du; onerako zein txarrerako.

Hamabi ordu pasatu izan ditu lanean, eta egun batzuk gogorrak egiten zaizkion arren, gustuko lekuan aldaparik ez.
Orain “Wazemank” telesailean ospetsu egin den arren, lehendik ere “Kutsidazu bidea, Ixabel” antzezlanarekin herriz herri ibilia da. 200 saio baino gehiago eskaini zituzten urte eta erdian, antzelanak iraun zuen bitartean, eta egundoko esperientzia hartu zuten emanaldi horiekin.

Bestalde, Zarauzko euskal jaietan, Alproja antzerki taldeak egiten duen antzezlanean parte hartu du hainbat urtetan. Azken urteotan, aldiz, gidoilari lanetan aritu da.



Egoitz Lasa aktorea irribarretsu azaldu zen 6. mailakoekin.

Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza / Testu Normala / Testu Zailagoa / Testu Zailena