euskaraz.net
Abentura kirolak

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Auzoka eskola aldizkaria »  Auzoka 83 2006/12 »  Abentura kirolak

Erreportajea


Edonork egin ditzake abentura kirolak
Abentura kirolak: arriskuarekin jolasean
Gero eta jende gehiaho ausartzen da arrisku edo abentura kirolak egitera; izan ere, abentura gisa eta naturaren indarren aurkako erronka modura hartzen diren kirol hauek, arrakasta handia dute azken boladan. Dena den, kirol hauek ere badituzte arriskuak, eta prestakuntza egokia behar da istripuak saihesteko.



Abentura kiroletan ezinbestekoa da segurtasun neurriak hartzea
Arrisku kirolen jarraitzaile asko dago gazteen artean, eta baita hain gazte ez direnen artean ere. Izan ere, eguneroko ohiturei ihes egiteko, eta une zirraragarriak bizitzeko aukera ematen dute kirol hauek. Asko dira abentura kirolak: parapentea, puenting-a, eskalada, arroila jaitsiera, etab.

Dena den, moda honek ere badu bere alde txarra: kirol hauetan, hildakoak ere izaten dira tarteka. Horregatik, ezinbestekoa da segurtasun neurriak hartzea. Berez, edonork parte har dezake abentura kiroletan, baina kirol hauek ez dira gomendagarriak arazo kardiobaskularrak edo urduritasun arazoak dituztenentzat, ezta epileptikoentzat eta bertigoa dutenentzat ere. Bestalde, haur txikiek eta arriskurik nahi ez dutenek, hobe dute horrelako kirolik ez egitea.

Parapentea: airetik lurrera begira

Beti esan izan da hegan egitea dela gizakiaren ametsetako bat. Parapentean, airean libre ibiltzeko sentsazioa bizi daiteke; baina, jakina, ausardia behar da horretarako. Betiere, zuhur jokatu beharra dago. Parapentea nahiko kirol berria da, eta NASAko ingeniarien lanetan du jatorria. Hain zuzen, espaziora bidaltzen zituzten ontziak lurreratu edo ilargiratzeko, zenbait tresna asmatu zituzten NASAkoek, eta tresna haiek parapentearen aurrekariak dira. Parapenteak haizea primeran aprobetxatzen du, bai planeatzeko, bai hegan egiteko ere.

Lehenik eta behin, hiruzpalau eguneko hastapen ikastaroa egin behar da oinarrizko teknikak ezagutzeko eta menperatzeko. Nahiko teknika erraza da; haizearen nondik norakoa antzematea zailagoa da, ordea. Donostian, ikastaro horiek Igeldon egiten dira, asteburuetan. Ondoren, hegan egiteko ordua helduko da. Aurreneko urtean, monitorearen laguntzarekin egin ohi dira hegaldi guztiak. Parapente federazioak pilotu titulua ematen du, nork bere kabuz hegan egiteko, baina titulu hori lortzeko azterketa bat gainditu behar da, alde praktiko eta teorikoekin. Dena den, bada beste modu bat hegan egitea zer den jakiteko: bi lagunentzako parapente batean, monitorearen ondoan joatea “pakete” modura, bizipenaz gozatzeko. Hori guztia, 55 euroren truke egin daiteke.

Eskalada: arroketan gora

Espezialitate teknikoagoa da, ikusgarria. Egitura artifizialetan, rokodromoetan, mendi aldeko hormetan eta arroketan egin daiteke. Ez da hain zaila.

Ur-kirolak

Udaberria eta uda dira mota honetako jarduerak egiteko sasoirik onenak: arroka jaitsiera, rafting-a, esnorkell-a, etab.

Arroila jaitsiera: ibaiaren antzera

Abentura kirolen artean politenetakoa da, oinez egitea eta igeriketa uztartzen baitira. Bide estuak, ur gehiago edo gutxiagoko pasabideak, jauziak… oso dibertigarria da. Ezinbestekoa da esperientzia handiko gidarien laguntza izatea. Pirinioetako ibaietan egiten da, batez ere.

Raftinga

Abentura kirol arrakastatsuena da; baltsa pneumatiko batean, ur lasterreko ibaian behera joatean datza. Taldearekin batera gidari bat joan ohi da baltsan, eta neoprenozko jantzia, kaskoa, jaka eta pala behar dira. Kirol hau Pirinioetako ibaietan eta Kantauri itsasora isurtzen diren zenbait ibaietan egin daiteke.

Esnorkella

Urpean igeri egiten ikastean datza, ur azpiko mundua ezagutu, eta bertan dagoen aberastasunaz gozatu ahal izateko.

Aipatu ditugun abentura kirolez gain, badira adrenalina kanporatzeko egokiak izan daitezkeen beste kirol batzuk ere: jauziak edo saltoak, adibidez.

Puentinga

Eskaladako sokak erabiliz, zubi batetik egiten den jauzi pendularra da.

Gominga

Bi goma erabiltzen dira, eta erori beharrean, lurretik zerurantz hegan irteten da jauzilaria.

Goma saltoa

Zubitik edo garabitik lurrera egiten da jauzi, eta pertsona zintzilikatzen duen soka gomazkoa izaki, gora eta behera ibiltzen da, aldi batez.

Tirolina

Sokaz eginiko txirrista modukoa da.

Kirol hauek egiterakoan, tarteka istripuak gertatzen dira, baina horrek ez du esan nahi arriskutsuak direnik -askok uste duen bezala-. Dena den, horrelako kirolak egin aurretik, ongi informatzea eta norekin eta nola joan behar den jakitea komeni da. Istripu asko jendea bere kontura joaten delako, eta beharrezko segurtasun neurriak hartzen ez direlako gertatzen dira. Kirol bat edo beste aukeratzeko orduan, norbere mugak zein diren jakitea eta horretaz jabetzea ezinbestekoa da.


Segurtasun neurriak
Abentura kiroletan

Erantzukizun zibila eta sorospena ziurtatzea, prezioaren barruan.
Oinarrizko ekipoa.
Salbamendu jaka.
Kaskoa.
Neoprenozko jantzia.
Igeri egiten jakitea.
Ibai jaitsieretan, esperientziadun gidariak izatea.
Sakelako telefonoa eramatea, zerbait gertatuz gero, laguntza eskatzeko.
Botikina

Saltoetan

Informazioa
Monitoreak ondo prestatuta egotea.
Ekipoak
Arduradunak bere arloko gorabehera guztiak ondo ezagutzea.

Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza / Testu Normala / Testu Zailagoa / Testu Zailena