euskaraz.net
Plaiaundi

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Auzoka eskola aldizkaria »  Auzoka 83 2006/12 »  Plaiaundi

Erreportajea

Egunpasa Plaiaundin
4. eta 5. mailako ikasleak Plaiaundiko natur parkean izan ginen, padurak eta hegaztiak aztertzen.

Orain dela gutxi, Intxaurrondo Hegoa ikastetxeko 4. eta 5. mailako ikasleak Plaiaundiko natur parkera joan ginen, hegaztiak eta padura behatzera. Joan baino lehen, padurari buruzko informazioa bildu genuen gelan, eta gero Plaiaundira joan ginen, dena bertatik bertara ikusteko.

Goizeko hamarretarako, Plaiaundiko aparkalekuan geunden. Ikasle asko ginenez, irakasleek bi taldetan banatu gintuzten. Batzuk harrera etxera sartu ginen bideo bat ikustera. Bertan, parkea zergatik eta nola sortu zen, migrazio bidez padurara zein hegazti mota etortzen diren, eta padurako zein putzutan gelditzen diren azaldu ziguten. Bideoa ikusi ondoren, kameren bidez hegaztien bizimodua behatu genuen: nola jaten duten, lumak nola garbitzen dituzten, etab.

Ondoren, hamaiketakoa egin genuen. Bukatutakoan, monitore batekin ibilalditxo bat egin genuen parkean zehar. Ibilalditxo horretan, padurako itsasaldiak nola erregulatzen dituzten ikusi genuen: konporten bidez egiten dute lan hori. Itsasgora dagoenean, konportak irekitzen dituzte ura iristeko. Itsasbeherarekin, berriz, konporten zirrikitu batzuetatik ura ateratzen da.

Parkea bisitatu genuenean itsasbehera zegoenez, landareak eta hegaztiak ikusi ahal izan genituen: ubarroiak, urpekariak, lertxuntxo arruntak, kaio hauskarak, basahateak, moko zabalak, etab. Monitoreak azaldu zigunaren arabera, bertako landaredia berezia da, ur gazitan bizirik irauten baitu. Ibilaldia egin ondoren gose ginen, eta, beraz, bazkaltzera joan ginen Irungo El Pinar parkera. Gero, jolasean aritu ginen autobusera joateko garaia iritsi arte. Plaiaundi naturgune paregabea da.

ANIMA ZAITEZTE, ETA ETORRI!

Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza / Testu Normala / Testu Zailagoa / Testu Zailena