euskaraz.net
Liburuak

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Auzoka eskola aldizkaria »  Auzoka 83 2006/12 »  Liburuak

irakurritakoak

“Bollikaoak zugatik”

Idazlea: Pasqual Alapont
Argitaletxea: Elkar


Cristina eta Ramon elkarrekin maiteminduta daude, eta Valentzian bizi dira. Egun batean, ordea, Cristinak Londresa joan beharko du, aitak negozio berria ireki behar baitu. Ondorioz, Ramon bakarrik gelditzen da Valentzian. E-mail bidez jarraitzen dute harremanetan, baina bizimodu horrek hainbat gorabehera ekarriko ditu. Urruntasuna dela eta, harremanari eusteko zailtasunak gero eta handiagoak izango dira; beste pertsona batzuk agertuko dira, etab. Liburua gazteentzako aproposa da, bertan adierazten baita, zein zaila den pasioari eustea, elkarrengandik urrun egonda. Edonori gerta dakioke. Liburu benetan interesgarria da, eta irakur ezazue!

Eider Aranburu (DBHko 4. maila)
“Kixmi elurpean”

Idazlea: Arrate Egaña
Argitaletxea: Elkar


Liburuak, 1977ko urtezahar gauean, Pello protagonistari eta bere neska-lagun Kixmiri gertatzen zaizkien abenturak, beren sentsazioak, eta abar azaltzen dizkigu.
Pellok, familiaz gain, lagun asko ere baditu. Pelloren bizitza nahiko normala da, baina bat-batean, bere bizitza aldatuko duen zerbait gertatzen da; Kixmi haurdun dago, baina ez du haurdunaldiarekin jarraitu nahi.
Kixmik bere familiari ez dio ezer esan nahi, eta laguntza eskatzen die lagunei. Denen artean plan bat asmatzen dute, baina horrek arazo bat dakar: dirua. Nola lortuko dute hainbeste diru? Zer egingo dute hori lortzeko?
Liburua nahiko erraz irakurtzen da. Gainera, gazteei gustatzen edota interesatzen zaizkigun gaiak jorratzen ditu: droga, sexua, abentura mordoa, familia, sentimenduak, etab. Irakurri, asko gustatuko zaizue.
Josu Pérez (DBHko 3. maila)


“Jara, bikiak eta bikoteak”

Idazlea: Jasone Osoro.
Argitaletxea: Alfaguara-Zubia.


Liburu hau dezente gustatu zait, gure adineko neska eta mutilentzat pentsatua baita. Pertsonaia nagusiak Jara (neska lotsati bat), Ihintza (Jararen lagunik onena), Urko (Jararen maitea), Xabat (auzokide berria) eta Nora (Xabaten arreba) dira.
Hasieran, Jara Urkorekin dago eta Ihintza Jazzekin, baina gauza harrigarriak gertatzen dira, eta azkenean, Jarak festa batean Ihintza eta Xabat elkarri musuka ikusten ditu, baita Nora eta Urko ere.
Hori dela eta, Jarak Bartzelonara joan nahi du. Bestalde, Ihintza zorabiatu egiten da, eta anorexia duela konturatzen dira.
Maiteminduen eta lagunen arteko harremanei buruzko liburua da. Lagunak oso garrantzitsuak direla adierazten digu liburu honek. Liburuari puntuazio ona ematen diot, baina, nire ustez, marrazki gehiago behar lituzke.
Dani Nalda (DBHko 2. maila)
“Nikolas Txikiren

historia ezezagunak 1”


Argitaletxea: Elkar

Nikolas Txikiren liburu honetan, mutiko bihurri baten hainbat istorio agertzen dira. Bizitzan gertatu ohi diren egoerak kontatzen dizkigu. Hona hemen abentura horietako bat: Geoffroyk, bere urtebetetze egunean, gelako guztiak gonbidatu zituen etxera. Askaria oso goxoa zegoen, eta oso ondo pasatu zuten. Igerilekura joatea pentsatu zuten. Geoffroyk denentzako bainu-jantziak zeuzkan, baina Altzesne lodiegia zen, eta ez zuen berari uzteko moduko bainu-jantzirik...

Liburua asko gustatu zait, izan ere, abentura asko daude, eta guztiak politak eta interesgarriak dira. Liburua irakurtzea ez da zaila izan niretzat, erraz ulertzeko modukoa da. Liburua entretenigarria eta atsegina da gure adineko gazteentzat.

Lara Manzano

Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza / Testu Normala / Testu Zailagoa / Testu Zailena