euskaraz.net
Xiker Fernandez surflaria

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Auzoka eskola aldizkaria »  Auzoka 85 2007/03 »  Xiker Fernandez surflaria

Erreportajea

Xiker Fernandez, Donostiako surflaria:
“Gutxi batzuek baino ez dute lortzen surfa lanbide izatea”
Non eta noiz hasi zinen surfean?

Hamaika urterekin hasi nintzen, Donostiako Zurriola hondartzan.

Zer zara goofy ala regular?

Goofy, hots, ezker oina aurrean eramaten dut.

Surfa dela-eta, asko bidaiatu al duzu?

Bai, zertxobait, Indonesiara joan nintzen. Bertako olatuak ezin hobeak dira; tuboak eta akrobazia horiek egiteko primerakoak. Kanariar Uharteak ere ezagutu ditut.

Zein euskal hondartza duzu gustukoen surfa egiteko?

Mundakakoa da hoberena, oso luzea delako. Aproposa da birak eta mugimenduak egiteko. Baina jende asko joaten da, eta istripuak eta eragozpen handiak egoten dira. Mundaka izango da hoberena, baina norberak bere hiriko hondartza izaten du gustukoen.

Zer nahiago duzu olatuaren barruan hodia egitea ala biraketak egitea?

Biak asko gustatzen zaizkit. Olatua handia denean eta lehertzen ari denean hodia egin dezakezu, hau da, barrutik pasatu. Bestalde, birak egitea olatua lehertuta ez dagoenean olatuan mugimenduak egitea da.

Zer esango zenieke gazteei surfa egitera anima daitezen?

Oso dibertigarria dela esango nieke, esperientzia berri bat dela, naturarekin lotua eta behin, behintzat, probatzea ez dela txarra.

Oso zaila al da surfaz bizitzea?

Bai, oso zaila da. Gutxi batzuek lortzen dute hori lanbide izatea; oso ona izan behar da horretarako eta Euskal Herrian hamarrek baino gutxiagok lortu dute.

Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza / Testu Normala / Testu Zailagoa / Testu Zailena