euskaraz.net
Moluskuak

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Auzoka eskola aldizkaria »  Auzoka 85 2007/03 »  Moluskuak

Ekologia

Moluskuak
Moluskuen ezaugarri nagusia gorputz biguna izatea da eta hortik datorkie, hain zuzen, izena: mollusca-k biguna esan nahi du. Animalien artean bigarren talde ugariena da. Itsas hondoak, mendi tontorrak, ibaiak, desertuak eta poloetako leku ugari kolonizatu dituzte.
Orain dela 600 milioi urte sortu ziren moluskuak eta, bilakaeraren ondorioz, orain forma eta tamaina askotakoak daude. Ezin da jakin zenbat espezie dauden Euskal Herrian, baina orain dela milioi bat urtetik hona daude hemen; lurrean zein itsasoan. Fosilak ditugu horren erakusle.

Moluskuak kosmetikan

Elikagai gisa ez ezik, beste hainbat gauzetarako ere erabiltzen dira moluskuak.

Ipar Ameriketako hainbat herrialdetan txanpon modura erabiltzen ziren moluskuen oskolak. Oso deigarriak izaten dira oskol horiek, eta jende askok egiten ditu horien bildumak.

Gaur egun barraskiloen lerdeaz eginiko kremak saltzen dira azalerako. Barraskiloek hainbat onura dakarzkigute, eta badugu aukera horretaz baliatzeko.

Gizakiaren hainbat jarduera direla-eta, moluskuen habitatak aldatu egin daitezke, eta gaur egun horixe da arriskurik larrienetakoa. Molusku batzuk desagertzeko arriskuan daudela uste da, eta beste batzuk babestuta daude, hala nola: Quimper-eko barraskiloa (Elona quimperiana) edota ibaiko perla-txirla erraldoia (Margaritefera auricularia).

Bertako espezie asko daude Euskal Herrian; besteak beste, Pyrenaearia velascoi barraskiloa, Gorbeian, Aizkorrin eta Aralarren soilik bizi dena.

Zortzi oskol

Gaur egun sei molusku talde nagusi bereizten dira. Horien artean ugarienak gastropodoak dira. Ibiltzeko eragatik dute izen hori; sabelaren gainean joaten direla dirudi, baina badute hanka bat, eta horren gainean labaintzen dira.

Gehienek oskol bakarra dute, espiralean kiribildua, eta buruan bi edo lau tentakulu dituzte.

Ezagunak dira Baratzeko barraskiloak (helix aspersa) edota Marratuak (cepaza nemoralis). Lapak (Patella) eta karrakela edo magurioak (Littorina) ere talde berekoak dira. Askotan moluskuek galdu egiten dute oskola. Beste batzuetan, aldiz, txikitu egiten zaie. Itsas erbiak eta itsas bareak dira horren adibide.

Moluskuen artean gutxien ageri diren motak plakoforoak, solenogastroak eta eskafopodoak dira. Talde horretakoak dira txitoiak, zortzi oskol dituztenak; txikiak eta nahiko lauak izaten dira.

Beste mota bat bibalbioak dira: elkartutako bi oskol dituzte eta urtarrak dira (muskuiluak, berberetxoak, txirlak, ostrak...). Ezohizko molusku mota bat Zulatzaileak dira (Teredo), zura zulatzeko gai direnak. Zelapodoek, berriz, buruan dute oina. Malgutasun handiko tentakulu batzuk dituzte oinetatik zintzilik, eta ahoraino iristen zaizkie.

Gaur egungo urpeko mota gehienei oskola txikitu edo desagertu egin zaie. Txikitzean gorputz barnean sartzen zaie oskola, txibihezurra deritzona.

Mariaren Bihotza


Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza / Testu Normala / Testu Zailagoa / Testu Zailena