euskaraz.net
Porrotx

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Auzoka eskola aldizkaria »  Auzoka 86 2007/05 »  Porrotx

Donostia auzoka

Joxe Mari Agirretxe "Porrotx"
Pailazo izateko, gogoa izatea da garrantzitsuena
Urte asko igaro dira beraien abentura hasi zutenetik. Beraien bihurrikeriek mugak gainditu dituzte, eta, poliki-poliki, Euskal Herriko bazter guztiak nahasi dituzte. Azken urteetan, "Euskal Herria Euskal Irri" bihurtu dute.
Txikitan zer izan nahi zenuen?

Maisua eta futbolaria. Azkenean, pailazoa naiz.

Gustatzen al zaizu zure lana?

Asko gustatzen zaigu egiten duguna, oso ondo pasatzen dugu, eta espero dut horrela jarraitzea.

Noiz izan duzue arrakasta handiagoa: lehen edo orain?

Egia esan, ia beti olatu baten gainean bizi izan gara. Hasieran, jolas modura hartu genuen, ez genuen oso kontuan hartzen guk egiten edo esaten genuenak sortzen zuen eragina. Urte batean 208 saio egin genituen, eta hori da gure errekorra.

Zaila al da antzerkia antolatzea?

Ikasi egiten da. Gauza guztiak bezala, antzerkia antolatzen ere ikasi egiten da. Gaiak aukeratzerakoan gizartean edo bizitzen ditugun gaietan jartzen dugu arreta.

Zein izan da zuen arrakastarik handiena?

Bueno, nik uste dut lanean jarraitzea dela arrakasta handiena. Batzuek galdetzen digute zaletasuna ofizio bihurtzea arriskutsua ez ote den, baina, egia esan, sekulako zortea dugu, gure lana oso gustuko baitugu.

Arrakasta izan al du azkeneko diskoak? eta liburuak?

Gure azken lana Maite zaitut ijitoei buruzko istorioa da. Protagonista Anakleto da. Tolosan bizi da, eta gaztainak eta txatarra saltzen ditu. Romi neskatxa ijitoa da. Hauek gauza on asko dituzte, esate baterako, aitona-amonak asko maite dituzte,errespetu handia diete. Baina, egia esan, ijitoen artean oraindik neskak bigarren mailan daude.

Zein aholku emango zenioke pailazo izan nahi duenari?

Pailazo izateko benetan horretarako gogoa izatea da garrantzitsuena. Pailazo izateko gogoa baduzu, prestatzea komeni da; musika ikasi, antzerkia ikasi. Bihotzean sentitu, buruarekin pentsatu eta egin.

Ba al duzue seme-alabarik?

Bai, bi ditut: Izar, 9 urtekoa, eta Oihan, 12 urtekoa.

Ikasketetan ona al zinen?

Nik Añorgan ikasi nuen. Nire aitak Mitxelinen egiten zuen lan eta 4. mailatik 8. mailaraino ibili nintzen Añorgako eskolan, orain museoa dagoen lekuan patronatua zegoen, eta han ibiltzen ginen neska-mutilak elkartuta. Nik oso ondo pasatu nuen, pilotan Jose Mari Bakerokin ibiltzen nintzen, eta futbolean ere bai. Gogoratzen ditut maisuak: Juaristi, oso irakasle ona, Jose Pozas, Canicas ezizenez, eta Don Pedro, frantsesa ematen zuena (kaskarreko batzuk ere bai!). Ikasle bezala, normala nintzen.

Zein amets izaten dituzte pailazoek?

Koloretakoak. Guk abantaila bat dugu; koloretako begiak ditugunez, dena koloretan ikusteko aukera dugu, eta arazoei irtenbidea ematen saiatzen gara.

Inoiz gertatu al zaizue triste egon eta pailazo gisa lan egin beharra?

Bai. Irailean aita hil zitzaidan, eta gau hartan bi kanta egin nituen. Bai, tokatzen zaizu, edozeini bezala, baina konpromisoa dagoenean, erantzun egin behar duzu.

Guri lanak laguntzen digu,j hasieran baino alaiago bukatzen dugu, musuak, besarkadak eta abar jasotzen ditugulako.

Zer da katxiporreta?

Une jakin batzuetan sentitzen dudana adierazteko erabiltzen dut katxipoarrata hitza.

Pozik banago; katxiporreta!! Triste banago; katxiporrrrrretaaa! Hitz sinpatikoak dira.
Amassorrain 6. maila



Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza / Testu Normala / Testu Zailagoa / Testu Zailena