Elkarrizketa
|
|
Miren Azkarate
|
|
"Karmele bezala, irakasle izan nahi nuen txikitan"
|
|
Donostian jaio zen 1955eko azaroaren 27an. Ezkondua da eta bi alaba ditu. Deustuko unibertsitatean lizentziatu zen Filosofia eta Letretan.Euskal Herriko Unibertsitatean Euskal Filologian doktorea da, eta Morfosintaxia eta Lexikologia eskolak eman zituen Deustuko Unibertsitatean 1978 eta 1988 artean. EHUn irakasle 1988az geroztik. Katedraduna Euskal Filologian. 1992tik Euskaltzaindiko kide da. 1996-1997 urteetan Euskal Herriko Unibertsitatean euskara errektoreordea, Pello Salaburu errektorea buru zela, eta irakasleen errektoreordea 1997-2000 urteetan. 2001eko uztailetik Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua da, eta 2004tik gobernu bereko bozeramaile.
|
Zer izan nahi zenuen txikitan?
Andereño izan nahi nuen; lehen ikastolara joan nintzelako, eta nire andereño Karmelek egiten zuena gustatzen zitzaidalako. Nire ahizpak esaten zuen, txikitatik agintzea gustatzen zitzaidalako eta umeei agintzeko modu bat zelako nuela gustuko hura.
Zure gurasoek hori onartzen zuten? Zer nahi zuten zu izatea?
Bai, onartzen zuten. Beraiek nik izan nahi nuena izaten uzten zidaten. Nire aitak esaten zuen ikasten ikusten gintuen bitartean ikasketak ordaindu egingo zizkigula, eta hori erakusten bagenu bera konforme zela.
Zertan lan egiten zuten zure gurasoek?
Ama etxekoandrea zen, eta aitak ehun fabrika batean lan egiten zuen, makinen arduradun.
Beren lanak denbora asko hartzen zien?
Amari etxeko lanek ordu guztiak hartzen zizkioten. Aitak ez zuen etxean bazkaltzen, eta oporrake z ziren orain bezala, egun batzuk hartzen zituen, baina ez hilabete; eta ondorioz, aitarekin, batez ere, asteburuetan egoten ginen, ez bestela.
Orain lan egiten ari zaren postuan eraginen bat izan zuen?
Ez. Oraingo kargua guztiz ustekabekoa izan da eta inoiz pentsatuko ez nuen gauza bat.
Zer pentsatzen zuten zure gurasoek hartu zenuen erabakiaz?
Gobernuan sartu nintzenerako hilda zeuden biak; beraz, ez dakit.
Txikitan ikasketetan zein materia kostatzen zitzaizun gehien? Eta zein gutxien?
Gehien zientziak; matematikak, kimika eta horrelakoak. Gutxien kostatzen zitzaizkidan letretako guztiak; orduan ez zegoen euskararik, baina orain zuek esaten duzuen bezala, latina, literatura,historia, artea...
Zein ikasketa egin zenituen?
Andereñoa izan nahi nuenez, irakaskuntza egiteko asmoz nenbilen. Horretarako ez zen garai hartako UBI egin behar, nahikoa zen batxilergoa egitea,eta ondoren, irakaskuntza egitera joan zintezke zuzenean. Baina mojen eskolan nenbilen, San Bartolomen eta moja batek esan zien nire gurasoei nik irakaskuntza egitea lastima zela, 5 urteko ikasketak egin behar nuela, eta letrak gustatzen zitzaizkidala kontuan harturik, batxilerra letretan egin nuen eta hemen Donostian EUTGn Filosofia eta Letrak ikasi nituen.
Pozik zaude emakume bat hain gora iristeagatik?
Egia esan, ez dut neure burua inportantetzat ikusten. Gauzak egin ditut, gero ikusten dut jendeak askotan esaten didala emakume bat hain gora iritsi izana edo Euskaltzaindian sartu izana garrantzitsua dela, eta agian, halaxe izango da. Baina nik ez ditut gauzak horrela ikusten. Beti pentsatu dut beste emakume asko bezalakoa naizela, baina besteei balio badie harro sentitzeko edo bere bizitzan helburu batzuk lortzeko, ba, pozten naiz.
Inoiz mehatxurik jaso al duzu? Ez zara beldurtzen?
Ez dut inoiz mehatxurik jaso. Ez dut beldurrean pentsatu nahi, eta oso zaila da horri erantzutea, baina gertatuko balitz ikusi egin beharko nuke nolakoa den nire erreakzioa.
Nola sentitzen zara gaur egun duzun karguan?
Alde batetik harro, lehendakariak halako konfiantza erakutsi didalako, eta bestetik, erantzukizun handia sentitzen dut, batez ere, bozeramaile lanetan, ikusten duzulako esaten duzuna dela, azken batean, Gobernuaren iritzi ofiziala, eta hori, askotan, pisu handia da.
Zenbat urte daramatzazu politikan? Gustatzen zaizu zure lana?
4 urte daramatzat. Gustatzen zait, bestela ez nintzateke hemen egongo. Politika konplikatua da, baina momentu batean erabaki dezakezu, aukera ematen badizute, zerbait egin dezakezula herri honen alde eta nire kasuan, zerbait egin dezakedala herri honetako kultura-politika aurrera eramateko, hizkuntza-politika indartzeko. Orduan, hori bada erronka polita; hala ere, badakit hori bolada labur baterako izango dela, ez baitut nire burua luzaroan ikusten politikan. Nik beti esan dut ni unibertsitarioa naizela.
Ez al da zaila familia bat aurrera eramatea zure lanarekin?
Bai, zaila da. Baina zaila da, nik esango nuke, emakumeek etxean eta etxetik kanpo lan egiten dugulako. Emakume guztien esperientzia da; oso zaila da etxeko lana, familia eta kanpoko lana bateratzea, batez ere, kanpoko la horretan aurrera egin nahi baldin baduzu.
Nork laguntzen du etxean gehien?
Senarrak laguntzen dit gehien, gauza gehienak erdibana egiten ditugulako.
Azken galdera, zer eskatzen diozu urte honi?
Bakea lor dezagula. Orain hor dabiltzan ahalegin horiek benetan fruitua eman dezatela, eta ikus dezagula indarkeria mota guztiak gelditzen eta beste gizarte mota bat sortzen.
|
|
Elena Irisarri eta Estitxu Garcia
|
|
Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza
/ Testu Normala
/ Testu Zailagoa
/ Testu Zailena
|