Donostia auzoka
|
|
Eskolako Agenda 21
|
|
Kontsumoa murriztuz hondakinak gutxitu
|
|
Orain dela urte batzuk, munduko hainbat estatuburu bildu ziren Kioton, eta kutsadura murrizteko akordioa egin zuten. Hala ere, gure aldetik ezer jartzen ez badugu, arazoa ez da konponduko.
Geroz eta nabariagoa da munduan klima aldaketa gertatzen ari dela eta hori konpondu behar litzatekeela, baina jendea ez da konturatzen gure esku dagoela! Horregatik, hainbat proiektu sortu dira ingurunea nola zaindu irakasteko. Horietako bat Eskolako Agenda 21 da.
Proiektu honen ardatz nagusiak hauexek dira: Eskola-ingurunearen kudeaketa iraunkorra (gure institutuak dituen beharrak); gure hiriko eta auzoko kudeaketa eta geure konpromisoa.
Eskolako Agenda 21 oso garrantzitsua da gure ingurumena zaintzeko. Donostian, hamabost ikastetxe dira proiektu honetako partaide.
Hobekuntza-plana: aurtengo lana
Ikastetxean erabiltzen den materiala ahalik eta gehien aprobetxatzea. Horretarako, erosten diren paper-kaxak, toner-kartutxoak eta tinta-kartutxoak kontrolatzea.
Tailerreko materialaren erabilpena murrizteko, berrerabiltzeko eta birziklatzeko plana antolatzea.
Geletako paperontzien hustuketa antolatzea.
Institutuan dugun dendatxoaren ondoan zakarrontzi bat jartzea eta atean kartelak ipintzea ÅgEz bota lurrera paperikÅh idatzita.
Txoko berdea aprobetxatuz, kontsumoari eta hondakinei buruzko kanpainak egitea (inkestak).
Ikasleen arteko foroa
Foroak beste ikastetxeetako lanak eta proposamenak ezagutzeko aukera ematen du, eta foroan ateratako ondorioak oso baliagarriak zaizkigu gure lanerako. Aurtengo foroa martxoaren 26an izan zen Kristina Enean, Donostiako Ingurumen Baliabideen Etxean.
Udaletxeko foroa
Joan den apirilaren 26an, udaletxean beste foro bat egin zen, eta gure beharrak eta kezkak azaldu genizkien Donostiako zinegotziei. Zalantzarik gabe, horrelako proiektuek Udalaren babesa behar dute. Aurten, besteak beste, edukiontziak eskatu ditugu geletarako, jolastokirako eta pilak biltzeko. Datorren urterako, hortxe izango ditugu!
Geure konpromisoak
Ikusi dugu ingurumenaren zainketan denok dugula erantzukizuna eta norberak egiten duen gauzarik txikienak ere garrantzi handia duela. Hauek dira hartu ditugun konpromiso batzuk:
Koadernoetako orrien bi aldeak erabiltzea eta eskolako materiala zaintzea.
Zikinean idatzi behar denean, papera berrerabiltzeko ontzitik hartzea.
Etxeko hondakinen bereizketan gurasoei laguntzea.
Ordenagailua eta argia behar ez direnean itzaltzea.
Ura alferrik ez xahutzea, neurrian erabiltzea.
Ez da batere zaila, eta naturak eskertuko digu urrats horiek egitea!
Zubiri Manteo, 2A
|
Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza
/ Testu Normala
/ Testu Zailagoa
/ Testu Zailena
|