euskaraz.net
Anorexia eta bulimia

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Auzoka eskola aldizkaria »  Auzoka 87 2007/06 »  Anorexia eta bulimia



Erreportajea

Anorexia eta bulimia
Gaixotasun hauei aurre egiteko funtsezkoa da jaten ikastea
Gizakiaren historia osoan zehar izan diren arren, anorexiak eta bulimiak gaur egun sekulako kezka sorrarazi dute.


Anorexia duenak, gizentzeko beldurrez, jateari uzten dio, bere burua ez du gustuko, ez du bere burua den bezala onartzen.

Pubertaroaren eta nerabezaroaren artean agertzen da eta, oro har, nesken artean sarriago, itxura fisikoak gehiago kezkatzen dituelako, batez ere.

Gaixotasun honen zergatiak aztertzen hasiz gero, era guztietakoak aurki daitezke; argaltzeko dietaren bat kontrolik gabe egitearen ondorioz agertzen da gehienetan. Beste arrazoi bat nerabezaroan gertatzen diren aldaketak ez onartzea da: pisu gehitze azkarra, bizitzako aldaketa latzak, itxura fisikoarekiko konplexuak, harremanetan izaten diren arazoak, eta abar.

Anorexiak oso ondorio larriak ekar ditzake. Pisu galera handiaren ondorioz, desnutrizio larriko kasuak izaten dira: ilea galtzea, larruazal lehor eta ubeldua, azazkal hauskorrak, insomnioa, hipotermia, idorreria, behar baino lehenagoko betekadak eta mota askotako arazo hormonalak, hala nola, amenorrea (hilekorik ez izatea), osteoporosia (hezurretako gaitza), eta abar.

Kasu bakanetan bihotza gelditu eta hil egiten da gaixoa.

Bulimia

Bulimia anorexiarekin lotua dago eta maiz agertzen dira batera.

Bulimia ere elikadura nahaste bat dela esan genezake. Gaixotasun honek jatorri biologikoa zein psikologikoa izan dezake. Bulimia duen pertsonak aldatu egiten du berarekiko duen ikuspuntua, eta loditzeko beldur handia sortzen zaio. Nahiz eta bere pisua normala izan, gaixoak beti lodiegi ikusten du bere burua, eta ezin du bere jateko nahia ase. Normalean, gaixotasun hau jasaten duen pertsonak dieta kaltegarri ugari egiten ditu, medikuaren kontrolik gabe. Elikagaien mugaketak antsietate egoera gogor batera eta janari asko hartzeko behar patologikora eramaten du.

Gaixotasun honek jende gazteari eragiten dio, emakumeei, batez ere. Gazteek 19 urte inguru dutenean agertzen da, eta anorexia izan eta inolako kontrolik gabeko dietak egin dituzten pertsonek arrisku handiagoa izaten dute bulimia jasateko. Gaixotasun honetan bi mota bereiz daitezke:

Purgagarria (libragarria): oka egiten dutenak edo laxante eta diuretikoetara jotzen dutenak.
Ez purgagarriak: kirol gehiegi egiten dutenak eta barau egiten dutenak.

Ondorio fisiko garrantzitsuenak honako hauek dira: ahultasuna, buruko mina, hortzetako arazoak, zorabioak, ilea galtzea, hilerokoaren irregulartasuna eta pisu gorabehera handiak. Edonola ere, pisu aldaketak ez dira anorexiarekin azaltzen direnak bezain handiak. Bulimia kleptomaniarekin (lapurtzera bultzatzen duen gaixotasuna) eta alkoholismoarekin lotuta joan daiteke.

Ondorio kliniko larriak eta ugariak ekar ditzake: arritmiak, deshidratazioa edo hezur ahultasuna.

Gaixotasun hau jasaten duen jendeak depresioa, antsietatea eta autoestimu baxua izan ohi ditu. Beren gorputza lodi ikusten dute, nahiz eta hala ez izan. Lotsatu egiten dira eta, horregatik, dieta egiten saiatzen dira une oro.

Bulimiaren diagnostikoa zaila izaten da, betekada eta gorakoa erraz ezkutatzen baitira. Beharrezkoak dira elkarrizketa psikiatrikoa eta azterketa fisiko osoa, gaixotasunaren ondorioak antzemateko.

Tratamendua kontsulta mailakoa izan daiteke, edo ospitaleratu beharra ere izaten da kasu larrietan. Hasteko, gorakoak saihestu eta elikadura ohiturak aldatu behar dira. Pertsonari bere burua maitatzen erakutsi behar zaio, eta familiaren laguntza ona da, batzuetan gaixotasunaren jatorria bertan egoten baita. Gaixoen erdiak sendatu egiten dira, nahiz eta batzuetan berriz azaltzen den.

Jane Fonda, Elton John, Victoria Beckham, Elvis Presley eta Galesko Diana aipa daitezke gaixotasun hau jasan dutenen artean.


Inkesta

Orrialde honen behealdean, 10 eta 15 urte bitarteko 65 gazteri eginiko inkesta baten emaitzak ikus ditzakezue. Inkesta honetako 65 gazteek galdera honi erantzun behar izan zioten: “Gustatuko al litzaizuke zure burua argalago ikustea?”

Inkestaren emaitza argigarria da: %46k baietz erantzun dute eta % 54k ezetz.

Honez gain, baietz erantzun dutenen % 36 dagoeneko saiatu izan dira modu batera edo bestera helburu hori lortzen, baita oka eginez ere. Nabarmentzekoa da baietz erantzun duten gehienak neskak direla eta ezetz esan duten gehienak, aldiz, mutilak.

Santo Tomas Lizeoa


Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza / Testu Normala / Testu Zailagoa / Testu Zailena