euskaraz.net
DVDak

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Auzoka eskola aldizkaria »  Auzoka 87 2007/06 »  DVDak

Aisialdia

The Queen

Isabel II.a Ingalaterrako erreginaren irudi gazi-gozoa eskaintzen du drama honek. Diana, Galesko printzesa, auto istripu batean hil zen. Isabel II.a erreginak gehiegi maite ez zuen arren, herriaren kutuna zen Diana. Gizarteak pentsatzen eta sentitzen duena kontuan izan gabe, Balmoraleko Gaztelura jo du erreginak familia osoarekin. Monarkia britainiarra krisi larrian sartuko da orduan, eta Tony Blair lehen ministroak jarrera aldatzeko eskatuko dio erreginari.


Yo soy la Juani

Auzune pobre batean bizi da Juani gaztea. Auto tuneatuak, lan mixerableak eta buru gutxiko pertsonak nagusi diren lurraldean. Mutil-lagunari dion maitasunak soil-soilik lotzen du mundu gris horretara. Maite duen mutila beste neska batekin larrutan harrapatu eta gero, Madrilera jotzea erabakiko du Juanik. Bertan, aktore bihurtu eta arrakasta lortu nahi du. Ametsak ez du errealitate gordinarekin zerikusirik, ordea.


Cars

Autoen munduan girotutako animaziozko pelikula atsegina da. Kaliforniako auto-lasterketa garrantzitsu batean parte hartzeko asmoa du Tximista McQueen auto gazteak. Bidean galdu eta gero, Radiator Springs herrixkara iritsiko da. Bertan, lagun handiak egingo ditu. Horrez gain, Sally porsche ederrarekin ere maiteminduko da. Apurka-apurka, bizitzan lasterketak irabaztea eta fama lortzea baino gauza inportanteagoak daudela ikasiko du. Alegia, adiskidetasuna edozein garaipen baino preziatuagoa dela.

Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza / Testu Normala / Testu Zailagoa / Testu Zailena