euskaraz.net
Liburuak

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Auzoka eskola aldizkaria »  Auzoka 87 2007/06 »  Liburuak

Aisialdia

Bidaia munduaren amaierara

Idazlea: Henning Mankell
Argitaletxea: Erein
Liburu honetan Joel 15 urteko mutil baten istorioa kontatzen da. Txikitan bere amak etxetik alde egin zuen Joel aitarekin utziz. Geroztik ez du amaren albisterik izan eta egun batean aitaren lagun baten eskutitz bat iristen da, amaren berri emanez. Une horretatik aurrera Joelek ama aurkitu nahi du. Gainera ikasketak amaitu eta bere aita bezala marinel izan nahi du. Aitak hitz ematen dio semeari biak itzuliko direla itsasora amaierarik gabeko bidai bat egitera, baina ezin izango dute burutu.....
Joelekin zer gertatuko den jakin nahi baduzu, liburu hau irakurtzea proposatzen dizut. Irakurterraza eta atsegina irudituko zaizu. Anima zaitez!

Sandra Jimenez


Erregearen mezularia

Idazlea: Toti Martinez de Lezea
Argitaletxea: Zubia
Erdi Aroan gertaturiko istorioa da (1199-1213). Johan Izabakoa fraideak, leize batean pergamino bat aurkitu zuen. Pergaminoan Nafarroako Historiaren gertakari nagusiak iragarririk zeuden. Elbirak, Antso erregearen izebak, Johanen sekretua, pergaminoa, lortu nahi zuen. Lan hori Otxoari eman zion, baina Otxoak alde egin zuen. Hau dela eta, Elbirak Tom Kilpeck izeneko sikario bati ordaindu zion, Otxoa aurkitzeko.
Bitartean, Antso, Nafarroako erregea, Afrikara joan zen emirrarekin hitzarmen bat betetzera eta Alfontsok, bere lehengusuak, bere urruntzea aprobetxatu zuen Gasteiz setiatzeko.
Jakingo du Antsok Gasteizen gertatzen ari dena? Aurkituko du Tom Kilpeck-ek Otxoa? Eta aurkitzen badu, emango al dio Otxoak pergaminoa?
Galdera hauen erantzunak lortzeko ezinbestekoa da abenturazko liburu interesgarri hau irakurtzea. Nire ustez, Historia eta fikzioa nahasten duen liburu hau oso interesgarria da, nahiz eta hiztegia batzuetan zailegia izan. Merezi du.

Evelyn Martínez


Bihotz ausarta

Idazlea: Joanes Urkixo
Argitaletxea: Alfaguara-Zubia
Urtziren, 14 urteko mutil baten, bizitza islatzen du. Badauka anaia txiki bat, Oskar, eta anaia guztien antzekoa da: jasanezina, beti molestatzen! Bere lagun mina Edorta da eta honi dena kontatzen dio, batez ere Oihanerekiko kontuak. Urtzi Oihanez maiteminduta dago, baina ez da ezer esatera ausartzen. Gainera, Oihaneren lagun minak, Eiderrek, Urtzi gustuko du, baina Urtziri ez zaio gustatzen... zer korapiloa! Baina, azkenean, dena argitzen da eta Oihane eta Urtzi... liburua irakurri beharko duzue!
Liburua asko gustatu zait. Urtziren bizitza atsegina eta dibertigarria iruditu zait. Oso erraz liburutik gure bizitzara pasa daiteke, eta kontatzen dizkigun misterioak, gorabeherak, joan-etorriak...gureak bezalakoak dira.

Sarah Soto


Zergatik Panpox

Idazlea: Arantza Urretabizkaia
Argitaletxea: Erein
“Zergatik Panpox” liburuak, senargaiak utzi ondoren eta adin txikiko seme batekin, emakume gazte baten prozesu pertsonala erakusten digu. Bizitzan zehar gertatu daitekeen egoeretako bat kontatzen digu. Eleberri hau, emakumearen barne bakarrizketa da. Egun arrunt batean emakume baten bizitzan gerta daitezkeen gorabeherak azaltzen dira. Amak bere semearekin goiz goizetik iluntzera arte bizi duena, burutik pasatzen zaizkion oroitzapenak eta gehienetan alde egin zuen senargaiaren ausentziak sortzen dizkion egoerak kontatzen ditu. Liburua nahiko entretenigarria da edozein pertsonarentzat, egoera honetan harrapatuta aurkitu gaitezkeelako. Gainera esaldi motzak eta ulerterrazak ditu. Anima zaitez!

Patricia Morcillo


Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza / Testu Normala / Testu Zailagoa / Testu Zailena