euskaraz.net
Tatuajeak

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Auzoka eskola aldizkaria »  Auzoka 88 2007/11 »  Tatuajeak

Erreportajea

Tatuajeak

Hemen duzue tatuajeei buruz jakin beharreko guztia. Ez galdu denbora eta segi irakurtzen!
Tatuajea azalaren kolorea aldatzean datza; epidermisaren azpian tintarekin edo bestelako pigmentuekin egiten diren marrazkiak, testuak edota irudiak dira.

Tatuaje naturalak

George Orwellek esan zuen ikatzarekin lan egiten zuten meatzariek tatuaje berezi batzuk izaten zituztela, ikatzaren hautsa zaurietan sartzen zelako.

Tatuaje traumatikoa egiten da substantziaren bat (asfaltoa, bolbora, zilarrezko amalgama, eta abar) azalean sartzen denean.

Tatuajeen historia

Neolitikoan Europan eta Asian egiten ziren tatuajeak, eta duela 7.000 urteko momietan ere aurkitu dira.

Zenbait kultura tribaletan tatuajeak azala moztuz eta errautsarekin, tintarekin, edota bestelako materialekin egiten zituzten, bai eta animalien hezurrekin azala ziztatuz ere.

1770. urtean, Hego Pazifikoa esploratzeko lanetan, europarrek berraurkitu zituzten tatuajeak, eta, Lehen Mundu Gerraren ondoreneko kultura europarrean, marinelek identifikazio-sinbolotzat hartu zituzten.

Izenaren jatorria

Tatuaje hitzaren jatorria ingelesezko “tattoo” hitza da, eta hori, berriz, samoerazko “tatau” terminotik dator. Markatu edo bi aldiz kolpatu esan nahi du (azken hau, diseinu edo txantiloiekin egiteko metodo tradizionala da).

Japonieraz “irezumi” deitzen zaie diseinu tradizionala erabiltzen duten tatuajeei. Tinta txertatuz egiten dira, eta oso zabalduak daude Japoniako Yakuza mafiako kideen artean. Bestalde, “tattoo” hitza erabiltzen dute jatorri japoniarra ez duten tatuajeentzat.

Gaztelaniaz, berriz, ”tattoo” edo “tatu” hitzak erabiltzen dira.

Erabilera

Askotariko erabilerak ditu; besteak beste, identifikatzeko, apaingarri moduan, erlijioarengatik eta sorginkeriak direla-eta erabiltzen dira.

Batzuetan, erabilpen itsusia izan dute tatuajeek. Adibidez, Bigarren Mundu Gerran, kontzentrazio-esparruetan juduak identifikatzeko erabili zituzten alemaniarrek. Animalia batzuek ere tatuajeak izaten dituzte, beren jabeek identifikatu ahal izateko.


Ezabatzeko modua
Urteekin lausotu eta itsusitu egiten dira tatuajeak, eta, gainera, litekeena da gure azalean izateaz aspertzea ere. Tatuajea ezabatzeko hainbat metodo daude, baina bat bera ere ez da erabat eraginkorra. Tatuajea ezabatzea, egitea baino garestiagoa izaten da. Adibidez, tatuaje bat laser bidez ezabatzeak 700 eta 6.000 euro artean balio du, tamainaren eta tatuatutako aldearen arabera. Hainbat metodo daude tatuajeak ezabatzeko:

Azala urratzea: Tatuajea dagoen aldeko epidermis geruzak ezabatzen dira; horrela, gure azalaren zati hori eta bertan erabilitako pigmentuak ezabatzen dira.

Gatzaren bidez urratzea: Gatz berezi batekin lixatzen da, tatuatutako irudia ezabatu arte. Metodo honek orbanak uzten ditu.

Azala tenkatzea: Tatuajea dagoen aldeko eta inguruko azalari tira egin eta tenkatu egiten da. Tatuajea moztu, eta gainazal tenkatua jartzen da haren ordez. Lerro formako orbana uzten du, eta tatuaje txikientzat bakarrik gomendatzen da.

Eszisioa: Azal zatiak mozten dira pixkanaka-pixkanaka, hainbat saiotan. Orbanak uzten ditu.

"Cover up" metodoa (estaldura): Beste tatuaje bat egiten da aurrekoaren gainean.

Laserra: Garestiena, baina eraginkorrena. Dena den, ez du bermatzen azala tatuajea egin aurretik bezala geratuko denik. Markak edo orbanak gera daitezke. Txikienak kentzeak 600-700 euro balio du gutxienez. Laser argiak pigmentuetan eragiten du, eta ezabatu egiten ditu. Tratamendu honen eraginkortasuna asko aldatzen da erabilitako pigmentu motaren arabera (beltza edo koloretakoa), eta tatuajea zein aldetan egin den. Ezabatzen zailenak kolorezkoak dira. Bestalde, zenbat eta denbora gehiago igaro tatuajea egin zenetik, orduan eta errazagoa izango da ezabatzea. Aldiz, tatuaje egin berria kendu nahi izanez gero, gutxienez lau aste igaro behar dira hasi aurretik, baina komeni da hilabete batzuk itxarotea, azalaren tonua azkarrago etorriko baita bere onera. Tatuaje beltzak, urdin ilunak eta gorriak oso ondo ezabatzen dira. Urdin argi, berde, more eta laranjak, berriz, neurri batean bakarrik. Tatuaje beltz eta urdin ilunak ia erabat ezaba daitezke lau saiotan, eta gainerakoak ezabatzeko zortzi saio behar dira. Saioak oso laburrak dira (minutu gutxi batzuk baino ez). Deserosoa den arren, saioak oso laburrak direnez, ez da tratamendu desatsegina.
Jenny Ramajo eta Lorena Durana

Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza / Testu Normala / Testu Zailagoa / Testu Zailena