Ekologia
|
|
Energia berriztagarriak: gure aukera
|
|
Gaur egun munduaren funtzionamendua energia kontsumoan oinarritzen da, batez ere. Pentsatu al duzu inoiz zer gertatuko litzatekeen, esate baterako, energia elektrikorik ez balego?
|
Munduko energia kontsumo nagusia oinarrizko beharrak asetzeko da: elektrizitatea, ur beroa eta berokuntza.
Energia eskuratzeko iturriak honako bi talde hauetan sailkatzen dira: energia-iturri berriztaezinak, eta energia-iturri berriztagarriak
Gurea bezalako herrialdeetan kontsumitzen den energiaren %80 baino gehiago iturri berriztaezinetatik lortzen da gaur egun. Gainera, bukatu egin daitezke, sortu baino azkarrago ateratzen ari baikara.
Energia iturri berriztaezinak
Naturatik lortzen diren baliabide mugatuak dira, eta agortu egin daitezke. Hauek dira garrantzitsuenak:
Erregai fosilen errekuntzatik lortutako energia (ikatza, petrolioa eta gas naturala).
Energia nuklearra; erreakzio nuklearretan askatutako energiaz baliatzen da energia elektrikoa edo termikoa lortzeko.
Hona hemen horien ezaugarri nagusiak:
Ingurumena kaltetzen duten isuriak sortzen dituzte.
Mugatuak dira.
Planetako leku zehatzetan soilik aurki daitezkeenez, menpekotasuna eragiten dute.
Horien kontrola lortzeak gatazka militarrak sortzen ditu.
Erabili behar diren tokietaraino garraiatu behar dira.
Energia-iturri berriztagarriak
Agortzen ez diren baliabide naturaletatik lortzen dira. Hauek dira aipagarrienak:
Energia geotermikoa: Lurraren barrualdeko beroa aprobetxatzen du.
Ur-energia: urtegietako ur-jauziak aprobetxatzen dira turbina bat birarazi eta energia elektrikoa sortzeko.
Eguzki-energia: eguzkitik iristen zaigun energia baliatzen da.
Haize-energia: haizearen indarra baliatzen da, turbinak higiarazten dituzten hegalak birarazi eta energia elektrikoa sortzeko.
Marea-energia: mareak gora edo behera egiten duenean gertatzen den ur-masen higiduraz baliatzen da.
Biomasaren energia: hondakin naturalen edo giza-jardueren ondorioz sortutako hondakinen energia baliatzen da.
Hauek dira energia iturri berriztagarrien ezaugarri nagusiak:
Garbiak dira.
Ez dira mugatuak.
Ingurumenean duten eragina txikia da. Ez dute atmosferara CO2-rik, ezta beste emisio kaltegarririk isurtzen.
Kanpoko menpekotasuna saihesten dute, bertakoak baitira.
Osagarriak dira.
Energia iturri berriztaezinak banatzeko eta kontsumitzeko era guztiek eragina dute ingurumenean, eta, batzuetan, eragin hori oso kaltegarria izaten da gainera; esate baterako, berotegi-efektua areagotzea (klima-aldaketa) eta euri azidoa sortzea. Azaldutako guztia kontutan hartuta, gure energia-beharrak asetzeko ezinbestekoa da energia iturri berriztagarriak erabiltzea.
Gogoan izan, erabiltzen ez den hura dela gutxien kutsatzen duen energia.
|
|
La Salle San Luis
|
Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza
/ Testu Normala
/ Testu Zailagoa
/ Testu Zailena
|