euskaraz.net
Denetarako astirik?

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Auzoka eskola aldizkaria »  Auzoka 89 2007/12 »  Denetarako astirik?

Erreportajea

Denetarako astirik bai?
Ikasturtea hasi eta lan pila al daukazue? Eskolakoak bakarrik ala eskolaz kanpoko ekintzetakoak ere bai?
Gauza jakina da eskolan lan pila izaten dutela ikasleek, kontrolak direla, etxerako lanak eta abar, ez dute lan faltarik izaten. Eskolakoarekin nahikoa ez, eta kanpo ekintzak ere egin behar! Horrek guztiak nekea eta ikasteko gogorik eza sortzen du ikasleengan. Ikasle batzuk gogotsu joaten dira eskolaz kanpoko ekintzetara. Beste batzuek, berriz, eskolan egindakoa indartu behar dute, eta batzuetan gurasoak bultzatuta joaten dira eskolaz kanpokoetara.

Santo Tomas Lizeoko DBHko 2. mailako ikasleek azaldu digutenaren arabera, eskolaz kanpoko ekintza nagusia ingelesa ikastea da. Ingeleseko akademietara ikasle asko gogoz kontra joaten dira, gurasoek behartuta, eskolan emandakoa indartzeko edo gehiago ikasteko. Gutxi dira beren gogoz joaten direnak. Akademiarik ezagunena Lacunza da, baina beste batzuk ere badira: Vidaurre, Kensington, Elduaien eta Wel&will, besteak beste.

Kirola ere jende askok egiten du. Kirolen artean ezagunenak futbola eta saskibaloia dira. Futbol talde batzuek —Lengokoakek, Antiguokok eta Hernanik, esate baterako— hiru orduko entrenamenduak egiten dituzte, astean hiru aldiz. Saskibaloi talderik ezagunenak, berriz, Easo eta Bera-Bera dira. Horiek entrenamendu gogorragoak egiten dituzte; lau orduko lau entrenamendu izaten dituzte. Hala ere, gogorrena igeriketa da. Kirol hau hain ezaguna ez den arren, talde asko daude: Fortuna, Donostiako Atletiko, Eguzki, eta abar. Hauek egunero entrenatzen dira, bi ordu eta erdiz. Ikasleek diotena

Eskolaz kanpo hainbeste ekintza eginten dituztenez, ikasleak lan gehiegi izateaz kexatzen dira. Beren iritziz, eskola orduen ondoren kanpo ekintzaren bat egiteak eragin kaltegarria du eskolako jardunean.

Hala ere, kontu honetan ikasleak ez daude bakarrik. Nahiz eta gaztetxoei gehiegizkoak iruditu kanpo ekintzetako eta eskolako lanak, irakasleek eta gurasoek ere badute beren iritzia.

Irakasleen iritzia

Irakasleek esaten dute gehiegizkoa dela hainbeste lan edukitzea, eskolako ordutegia oso zabala dela eta ekintzaren bat egitekotan eskolan egindakoa indartzeko bakarrik egitea dela onena. Ingelesa eskolan egitea nahikoa dela iruditzen zaie. Ez dute beharrezko ikusten eskolaz kanpo ere ingelesa egitea, baldin eta eskolakoa indartzeko ez bada. Kirolen bat egitekotan, eguerditan antolatzea iruditzen zaie egokiena. Izan ere, bestela, ikasleei lan guztia pilatzen zaie arratsaldean, eta eskola orduen ondoren kirola eginez gero, etxera itzultzean oso nekatuta egoten dira etxerako lanak egiten edota ikasten hasteko.

Gurasoak

Gurasoen iritzia, berriz, guztiz bestelakoa da. Batzuen iritziz, ez da oso ona eskolaz kanpo ekintzak egitea, baina, gehienen ustez, oso komenigarria da ingelesa ikastea, etorkizunean lanpostu bat lortzeko.

Hainbeste iritzi eta ikuspegiren aurrean, hainbat konponbide proposatzen dituzte: Ikasleek diote ingelesa ikastea, adibidez, ona dela beraientzat, baina kirolen bat egitekotan eguerditan egitea komeni zaiela, denbora aprobetxatzeko. Eta, adibidez, dantza, marrazketa, informatika, musika eta abar eguerdian egitea oso zaila denez, ostiraletan edo asteburutan egitea proposatzen dute, nahiz eta gutxi dauden asteburuan kanpo ekintzaren bat egiteko prest. Nolanahi ere, ikasleek nahi dute irakasleek etxerako lan gutxiago bidaltzea.

Irakasleek, berriz, eskolaz kanpoko ekintza gutxiago egitea proposatzen dute. Eta, egitekotan eskolan ikasitakoa indartzeko izatea. Beren ustez, ikasle gehienek nahikoa dute eskolan egindakoarekin. Bestalde, kirolei dagokienez, hauei ere kirola eguerditan egitea iruditzen zaie onena.

Gurasoak ez datoz bat irakasleen iritziarekin. Gurasoek esaten dute kirola egitea oso garrantzitsua dela seme-alabentzat, gorputza mugitzeko. Eta ingelesa ikasteari ere garrantzi handia ematen diote. Diotenez, ingelesa jakitea oso baliagarria izango zaie etorkizunean, eta, horregatik, beharrezkoa iruditzen zaie eskolaz kanpo ingelesa ikastea. Beren ustez, arazoa konpontzeko modurik errazena irakasleek ikasleei lan gutxiago bidaltzea da.

Hainbeste iritziren aurrean, ez da batere erraza konponbidea aurkitzea. Izan ere, oso iritzi desberdinak dituzte ikasleek, irakasleek eta gurasoek. Norberak bere interesak defendatzen ditu. Edonola ere, nabarmena da zerbait egin beharra dagoela, azken finean, ikasleak baitira kaltetu nagusiak.
Lide Rekalde eta Garazi Rezabal



Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza / Testu Normala / Testu Zailagoa / Testu Zailena