Donostia auzoka
|
“Gure idoloa Indurain izan da”
|
Haimar eta Joseba Zubeldia
|
|
Amassorrain ikastolako 6. mailako ikasleen gonbidapenari erantzunez, Zubeldia anaiak zuzen etorri ziren hitzordura. Txirrindularitzaren nondik norakoak, dopina, eta abar izan zituzten hizpide.
|
Zein izan zen zuen lehen taldea?
Haimar: Afizionatu izan arte Usurbilgo taldean ibili ginen. Gero, Bizkaiko Orbea Olarrara pasatu ginen. Ondoren, Euskaltelera, eta azken 10 urteak hor egin ditut. Josebak 6 urte igaro ditu bertan.
Txikitatik izan nahi al zenuten txirrindulari?
Joseba: Zaletasuna aitarengatik datorkigu. Igandero zikloturista talde batean ibiltzen zen, eta berak erakutsi zigun bizikletan ibiltzen 6 urterekin.
Zer iritzi duzue dopinaz?
Haimar: Arazo bat da, nik uste dut txirrindularitzarekin gogorregi jokatzen ari direla. Beste kiroletan ere izango da dopina. Txirrindulariok gara kaltetuenak, eta arazoa konpondu nahi dugu.
Garaipenik lortu al duzue?
Joseba: Profesionaletan ez dut lasterketarik irabazi, baina gazteen mailan bai. Anaiak, aldiz, profesionaletan lasterketa handi bat irabazi du, eta horrek gozatzeko aukera handiagoa ematen dio.
Haimar: Ez gara txirrindulari irabazleak. Dena den, 2000. urtean Euskal Bizikleta irabazi nuen.
Lesio gogorrik izan al duzue?
Joseba: Beti izaten da erorketaren bat. Aldakan min hartu izan dut.
Haimar: Larriena 2001ean Murtziako Itzulian izan nuen. Klabikula eta ukalondoa hautsi nituen.
Zuen ustez, zein da Euskaltel-Euskadiko liderra?
Haimar: Samuel Sanchez, azkeneko bi urteetan Tour oso onak egin ditu eta. Dena dela, liderra egon dadin, atzetik jendeak egon behar du. Liderrak telebistan ikusten dira, baina atzean egundoko talde lana dago.
Zein zen txikitan zuen idoloa?
Joseba: Nik uste dut biona Indurain izan dela, biok gazte ginela puntaren puntan zebilelako.
Sufritu al duzu inoiz lasterketa batean?
Joseba: Sufrimendua egunerokoa izaten da. Bost orduko lasterketa batean, ez duzu etengabe sufrituko, baina ordu erdiko edo ordubeteko sufrimendua izango duzu.
Zer sentitzen duzue Tourmalet gaina igo eta euskaldunez gainezka dagoela ikustean?
Haimar: Etapa hasi aurretik ere badakigu jende asko izango dela, ikurrinekin, laranja koloreko kamisetekin... Gora heltzean, oihuak entzuten dituzu, baina zu zurean zoaz, oso kontzentratuta. Desberdina da lehenengo gaina izatea edota azkenekoa. Lehenengoan lasaiago zoazenez, ikus dezakezu, baina azkenekoan, buru-belarri joaten gara. Lasterketa bukatu eta mendatea jaistean ikusten dugu jendea
Pixa egiteko gogoa duzuenean, nola moldatzen zarete?
Joseba: Mutilek, alde horretatik, neskek baino zorte hobea dugu. Pelotoi atzealdera joaten gara, egin eta gero, laguntzaz, tropelean murgiltzen gara. Arazoa tropelaren azken muturrean zoazenean izaten da. Pelotoia azkar doanean, askotan, karrera utzi behar izaten da.
|
Amassorrain
Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza
/ Testu Normala
/ Testu Zailagoa
/ Testu Zailena
|