euskaraz.net
Andoni Agirregomezkorta

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Auzoka eskola aldizkaria »  Auzoka 90 2008/02 »  Andoni Agirregomezkorta

Elkarrizketa

Andoni Agirregomezkorta
“Tontoarena egitea gustatzen zait”
Andoni Agirregomezkorta 1971n jaio zen, Donostian. Egun, aktore ospetsua da.
Bere lanik ezagunenak ETBn egindako iragarkiak eta orain aurkezten duen Vaya semanita saioa dira.
Zein ikasketa egin zenituen telebistan lan egiteko?

Nik nire ikasketak egin nituen, baina ez telebistan lan egiteko, beste lan batean aritzeko baizik. Donostiako agentzia batean hasi nintzen, antzerki eskolaz antzerki eskola, ikasten. Ondoren, Errenteriako antzerki eskolan jardun nintzen. Gero, eskola pribatu batean eta, azkenean, telebistan.

Gustuko al duzu zure lana?

Bai, asko, eta nik uste dut hemen lan egiteko ezinbestekoa dela lana gustukoa izatea. Ordu asko egiten ditugu. Lan hau gustatu ezean, aspertu ederra hartuko genuke.

Eta zer da zure lanetik gehien gustatzen zaizuna?

Dena gustatu arren, pertsonaia desberdinak interpretatzea da gehien gustatzen zaidana; norbere bizitzatik eta arazoetatik ateratzea, baita tontoarena egitea ere.

Nola eta noiz iritsi zinen Vaya semani-tako aurkezle izatera?

Aaaaaaaaaah!!! (barreak) Ba, 2005ean. Bai, denok dakizuen bezala, taldeko pertsona bat beste programa batera joan zelako izan zen. Oso gutxi geratu ginen, eta geratu ginenen artean ni aukeratu ninduten aurkezle lanetarako. Hasieran, beldurra nuen, ez bainuen sekula inor elkarrizketatu. Ardura handia daukat, baina, azkenean, dena ondo doala dirudi.

Inoiz ez al duzue zuen saioan arazorik izan politikarien kontura txisteak egiteagatik?

Ez, ez! Ez dugu sekula politikari bakarra zirikatu, denak zirikatzen ditugu pixka bat. EITBtik pasatzen diren politikari guztiak agurtzen ditut, konpromisorik gabe.

Zer iritzi duzu zure lankideez?

Ba... ni burutik jota nagoenez eta nire lankideak ere burutik jota daudenez, oreka bat sortzen da eta denok pozik eta lasai bizi gara (barreak). Orain, benetan, oso jende interesgarria eta ona da.

Zein da, zure ustez, Vaya semanitako aktorerik onena?

Ui-ui-uiiii (pentsatzen geratzen da) Vaya Semanitako aktorerik onena... Maila handia dago hemen. Zalantzarik gabe, ni naiz txarrena. Denek daukate ukitu bereziren bat, eta denengatik hartzen eta ikasten duzu zerbait. Ni oso harro nago lankideez.

Eta, zure ustez, zein da pertsonaiarik onena?

Ba... hori ere oso zaila da. Pertsonaia asko daude, baina nik interpretatzen ditudan pertsonaien artean ondoen sentiarazten nauena, behintzat, Patxi da, “Los Euskolegas”ekoa.

Txikia zinenean, zer izan nahi zenuen handitan?

Albaitaria izango nintzela pentsatzen nuen, baina denborarekin gustuak aldatzen dira eta ni ere aldatu egin nintzen. Azkenean, ez nuen garbi zer egin behar nuen, eta pentsatu nuen... begiratuko dut zertan naizen ona, eta horretan lan egingo dut. Beno, hasieran ez nuen serio hartzen, baina azkenean dena ondo atera zen.

Zein izan dira, zure ustez, zure lanik onenak?

Ba, zalantzarik gabe, iragarkiak izan dira arrakasta handiena eman didatenak. Bai, ETBko iragarkiak izan dira famatuenak, bereziki, txintxintxikitin... onena (barreak). Baina esango nuke nire lanik onena oraindik iristear dagoela.

Kalean zabiltzanean, jendeak geldiarazten al zaitu autografoak edo antzekoak eskatzeko?

Bai; beno, batez ere agurtu egiten naute, baina autografoak ere eskatzen dizkidate. Batzuetan, argiak ere ematen dizkidate!

Zuk, txikiteroek bezala, ez duzu inoiz muztiorik edaten?

(barreak) Bai, batzuetan muztioa edaten dut. Ardoa ere bai, nahiz eta ez asko. Gorputzak eskatzen didana. Sagardoa, ura, etab. ere edaten ditut.

Elkarrizketa hau zuk egiten dituzunak bezain ona izan al da?

Edo hobea (barreak). Elkarrizketatua izatea elkarrizketa egitea baino errazagoa dela uste dut. Gehiago gustatzen zait galderak erantzutea egitea baino. Lasaiagoa da.

Bat-batean
Liburu bat: He dicho, Andreu Buenafuenterena.
Film bat: Cuando Hany encontró a Sally.
Genero bat: komedia.
Musika talde bat: Doctor Deseo.
Janaria: arroza.
Bidaia bat: leku ez oso beroa eta jende askorik gabe lasai egoteko modukoa.

Gonzalo Salaberria, Ignacio Urio, Jon Alonso, Borja de Torres


Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza / Testu Normala / Testu Zailagoa / Testu Zailena